Gizartea -

Gipuzkoako ikastolen jaia

Kilometroak jaia Urretxun eta Zumarragan ospatuko dute urriaren 7an

'Zubiak batuz' lelopean, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Zirkuitua 5,9 kilometrokoa izango da eta lau gune izango ditu.

Kilometroak jaiaren antolatzaileak. Argazkia: Urretxu-Zumarraga ikastola
Kilometroak jaiaren antolatzaileak. Argazkia: Urretxu-Zumarraga ikastola
Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen jaia, Zumarragan eta Urretxun egingo da

0:46

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia datorren urriaren 7an ospatuko da Urretxun eta Zumarragan, 'Zubiak batuz' lelopean. Goiburu horrekin zubiek duten garrantzia azpimarratu nahi izan dute, "zubiek batzeko eta harremanak sendotzeko balio baitute".

Hirugarren aldia da Urretxu-Zumarraga ikastolak Kilometroak jaia antolatzen duela, 1985eko eta 2002ko edizioak ere bi herri horietan egin baitziren.

Urretxu-Zumarraga Ikastola eraldaketa pedagogikoan murgilduta dago buru-belarri. Azken urteetan hainbat berrikuntza egin dituzte ikastolako eraikinean behar horietara egokitzeko. Udan LH eta DBHko lehen zikloko guneak berritu dira, eta Kilometroak jaian lortutako dirua berrikuntza horretara bideratuko da.

Antolatzaileek ohar bdiez jakinarazi dutenez, zirkuitua 5,9 kilometrokoa izango da, "erabat irisgarria", eta ibilbidean barrena lau gune izango dira: Ikastola, Zumarragako plaza, Etxaburu eta Santa Barbara.

Hasiera ekitaldia Ikastolako gunean egingo dute, 09:30ean. Aurten, edukigintzan aritu ziren irakasleak omenduko dituzte, eta omenaldi hori Ikastolako gunean egingo dute, Lourdeseko Ama elizan, 12:00etan.

Ekitaldi ofizialez gain, umeei zuzendutako hainbat ekintza izango dira Ikastolako gunean, hala nola, tailerrak, jolasak eta musika.

Zumarragako plaza ibilbide osoko gune handiena izango da. Beste kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko tailerrak eta jolasak izango dira bertan. Horrez gain, Euskal Herriko dantzak, jolasak eta kirolak ere izango dira.

Kontzertuak

Musikaz gozatzeko aukera zabala ere izango da Kilometroetan. Zumarragako plazan, besteak beste,  Trikuarri, Tiktara, Hiri Galduak eta Gozategi arituko dira.

Herrigunetik kanpo, Etxaburuko gunean, Gazteei zuzendutako kontzertuak izango dira: Patxuko Nice, Gorpuzkingz, Willis Drummond, Voltaia eta Eraso.

Santa Barbara ere gazteei zuzenduta egongo da, eta ondorengo kontzertuak izango dira: Oso Fan, Madeleine, La Basu, Oihan Vega eta Hesian.

Garraio publikoa

Urretxu eta Zumarragara heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Renfek aldiriko tren bereziak eskainiko ditu egun horretan (Irun-Brinkola). Zumarragako geltokitik bertatik sartu ahal izango da zirkuituan.

Lurraldebusek ere autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Egun horretan autobus horien geralekua aldatu egingo dituzte (ezingo dira Renfeko tren geltokiraino sartu). Antzuola eta Legazpi aldetik datozen autobusak Mugitegi industrialdean geratuko dira, eta Azkoitia aldetik datozenak, berriz, Zumarragako eliza aurrean.

Aparkalekuak

Autoa aparkatzeko bi aparkaleku prestatu dira, bat Urretxun, eta bestea Zumarragan. Urretxuko Mugitegi industrialdean autoak eta autobusak utzi ahal izango dira.

Zumarragako industrialdearen eta ospitalearen inguruak autoentzako izango dira. Elbarriek, berriz, Renfeko geltokiaren ondoan aparkatu ahal izango dute.

Urriaren 6an, jaiaren bezperan, Arcelor Mittal lantegiaren aparkalekua irekiko da autokarabanentzat.

Urretxu eta Zumarragara bizikletaz gerturatzeko deia ere egin du antolakuntzak, eta jakinarazi du bi aparkaleku izango direla horretarako. Horietako bat Urretxuko Ipeñarrieta auzoan egongo da, Kamineroen Etxea bezala ezaguna den eraikinaren aurrean. Legazpitik eta Antzuola-Bergaratik datozenek utzi ahal izango dute bertan bizikleta.

Azkoitia aldetik datozenentzat, aparkalekua Urretxuko Ederrena frontoian egongo da.

Amaitzeko, antolatzaileek Kilometroak jaia "errespetuz gozatzeko" deia egin dute, kontsumo arduratsuaren alde eginez eta eraso sexistarik onartzen ez dutela azpimarratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kilometroak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Zumarraga argazkiak Eguneko albisteak Hezkuntza Urretxu azken ordukoa Goierriko albisteak