Gizartea -
Gasteiz
Martxoaren 3ko hilketak jazo ziren elizan memoriaren zentroa sortzea proposatu dute
1976ko egun hartan Poliziak hildako bost langileak omentzeko gunea izan dadila proposatu du "Memoria gara" plataformak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan Memoriaren eta Giza Eskubideen Zentroa sortzea proposatu du "Memoria gara" plataformak, 1976ko martxoaren 3an han bertan, beharginen batzar batean zeudela, Poliziak hildako bost langileen omenez.
Plataforma horren aurkezpena egin dute larunbat honetan Gasteizen, eta adierazi dutenez, martxoaren 3a gasteiztar guztien memorian dagoen egun "odoltsua" izan zen. Ondorioz, plataformako kideek uste dute eliza horrek "sarraskiaren biktimen memoriarekin lotutako proiektu bat hartu behar" duela, hau da, eliza toki aproposa dela "memoriarekin eta giza eskubideekin lotutako politikak garatzeko".
Nerea Martinez Martxoaren 3ko Biktimen Elkartekoak, Amparo Lasheras kazetariak eta idazleak, Josu Santamarina EHUko irakasleak eta Eloi Beato aktoreak irakurri dute manifestua, San Frantzisko elizan bertan. 2014az geroztik ez dira ospakizun erlijiosoak egiten eraikin horretan, eta, hori dela eta, Apezpikutzari eskatu diote "lekuari eusteko, oroimenaren sinbolo gisa".
Iaztik, jaiotza-erakusketa bat hartzen du elizak, eta Gabonetan egoten da ikusgai. Gaur agerraldian esan dutenez baina, ekimen horrentzako beste erakustoki bat aurkitzea posible izango da, "elkarrizketaren bidez".
Hori horrela, "Memoria gara" plataformako kideek "lehenbailehen" eskatuko diote hitzordua Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuari. Gainera, Arabako erakundeei eta herritarrei "proposamen horrekin bat egiteko" eskatu diete.