Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Durangon, bikotekide ohia jipoitu duelako
Biktima zauriturik Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Durangoko Udalak genero indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarri du.
Agentziak | Erredakzioa
47 urteko gizon bat atxilotu dute Durangon (Bizkaia), bikotekide ohia jipoitu duelako, Ertzaintzako bozeramaile batek gaur jakinarazi duenez. Emakumea zauriturik Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute.
Atxilotuari genero indarkeria delitu bat egotzi diote. Erasoa asteartean gertatu zen 17:30 aldera, Durangoko San Fausto auzoan.
Ondorioz, Durangoko Udalak genero indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarri du. Erasoa gaitzetsi eta Udaleko baliabide guztiak biktimaren esanetara jarri ditu.
Gainera, herritarrak sexu-indarkeria gaitzesteko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu Udalak. Plataforma Feministak ostegunero antolatzen ditu Andra Marin. Era berean, eraso matxisten kontrako beste edozein ekimen babestera deitu du erakundeak.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.