Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Azken sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute Bilbon
Adin desberdinetako emakumeak, beltzez jantzita, lurrean etzan dira, sexu-erasoen biktimek pairatzen duten bakardadea irudikatzeko.
EITB.EUS
Adin desberdinetako emakumeak Bilboko udaletxe parean bildu dira larunbat honetan indarkeria matxistak eragindako azken bi sexu-erasoak gaitzesteko. Biktimen bakardadea eta gizarteak eta erakundeek horiei egindako ezikusia irudikatu nahi izan dute bertan bildutakoek, hori dela eta, beltzez jantzita, lurrean etzan dira. Urritasun psikikoa duten bi emakumezkok bortxaketa pairatu dute aste honetan Bilbon.
Bortxaketako bat irailaren 13ean jazo zen. Arabako herri batetik Bilbora iritsi zen 28 urteko emakumea kalean gelditu eta Solokoetxe auzoan dagoen pisu batera eraman zuten. Bertan ustez hiru lagunek bortxatu zuten. 30 eta 33 urteko gizon bi atzotik epailearen aurrean daude, eta Ertzaintza hirugarren baten bila dabil.
Beste erasoa irailaren 19an gertatu zen. 28 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon, ezintasun psikikoa duen beste emakume bat sexualki erasotzeagatik. Dagoeneko kalean dago, urruntze aginduarekin.
--------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.