Gizartea -
Uholdeak
12 dira jada uholdeen ondorioz Mallorcan hildakoak
Alemaniako bi turisten gorpuak aurkitu berri dituzte. Larrialdi zerbitzuek 5 urteko umearen bila jarraitzen dute.
agentziak
Erreskate zerbitzuek emakume eta gizon baten gorpuzkiak aurkitu dituzte gaur (osteguna) Arta gunetik gertu, Alemaniako bi turisten ibilgailua aurkitu zuten tokitik gertu, hain zuzen. Hori dela eta, 63 eta 61 urteko senar-emazteen gorpuak izan daitezkeela uste du Guardia Zibilak. Azken bi hauekin, 12 dira jada hildakoak Mallorcan asteartean izandako uholdeen ostean.
Bestalde, desagertutako 5 urteko haurraren bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute.
Larrialdi zerbitzuek 5 urteko ume bat eta Alemaniako bi lagun bilatzeko lanak abiatu dituzte berriro ostegun goizean.
800 lagunez osatutako operatibo bat ibili da bilaketa lanetan, asteartean gainezka egin zuen ibaibidean zehar; batez ere, S'illot inguruetan, hor baitago ibaiaren bokalea.
Balearretako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, hiru pertsonak desagertuta jarraitzen zuten: batetik, 5 urteko haur bat (horren ama uholdean zendu zen), eta, bestetik, Alemaniako bi lagun.
Continuen les tasques de recerca del nin desaparegut a les inundacions. També s'està cercant a dues persones de nacionalitat alemanya
Hamar pertsona hil dira Balear uharteetan, azken orduetako euriteen ondorioz. Gorpuzkiak S'illot, Arta, Son Carrio eta Sant Llorenç des Cardassar udalerrietan aurkitu dituzte.
Gainera, uholdeen ondorioz, 200 pertsona irtenarazi dituzte beraien etxeetatik eta bi lagun ospitaleratu dituzte.
Espainiako Gobernuak ingurua hondamendi-eremu izendatuko du ostegun honetan, kalteei aurre egiteko. Halaber, laguntza ekonomikoak berehala abiatuko dituela iragarri zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, uholdeetan kaltetutako herrietaraino mugitu baitzen.
Gainera, Balear Uharteko Gobernuak iragarri duenez, egoerari aurre egiteko larrialdi sozialeko plan bat prestatzen ari da. Plan horren harira, kaltetutako etxebizitzak bisitatuko dituzte asteburu honetan langile sozialek "uholdeek egindako kalteak zenbatetsi eta datorren astetik aurrera kaltetuek fakturak aurkeztu eta kobra ditzaten", esan du Francina Armengol presidente autonomikoak.