Gizartea -
Indarkeria matxista
Almeriako zabortegi batean aurkitutako emakumearen ustezko hiltzailea atxilotu dute
Madrilgo Adolfo Suarez aireportuko T-4 terminalean atxilotu dute hilketaren ustezko egilea, Mauritaniara ihes egiteko, hegazkina hartzera zihoanean. Epaileak kartzelan sartzeko agindua eman du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du bikotekidea hil duelakoan, Madrilgo Adolfo Suarez aireportuan. Hain zuzen ere, Gadorreko (Almeria) zabortegi batean irailaren 27an aurkitutako emakumearen ustezko egilea delakoan atxilotu dute.
30 urteko gizonezkoa Almeriako 4. zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko epailearen esku utzi dute, eta espetxeratze agindua eman du hark. Hortaz, kartzelara eraman dute, komunikatuta, baina fidantza ordaintzeko aukerarik gabe.
Esan bezala, irailean abiatu zuten hilketaren gaineko ikerketa, Gadorreko birziklatze instalazioetako langile batek gorpua aurkitu eta larrialdi zerbitzuei abisua eman zienean.
Emakumea indarkeriaz hil zutela ondorioztatu zuen autopsiak, baina nortasun agiririk gabe egoteak zaildu egin zituen identifikatze lanak.
Dena dela, hilotza aurkitu zuten egun berean Guardia Zibilak desagertze salaketa baten berri izan zuen Roquetas de Marren. Gerora, salaketa jarri zuena biktimaren bikotea zela ondorioztatu zuten agenteek.
Ikertzaileek K.K., ustezko hiltzailea, gezurretan harrapatu zuten galdeketa egin ziotenean. Gainera, biktima Roquetas de Marren prostituzioan lanean aritzen zela eta salatzailea haren proxeneta zela jakin zuten.
Halaber, konturatu ziren salatzaileak beste pertsona bati eman ziola gorpua garraiatzeko erabilitako ibilgailua. Abla udalerrian aurkitu zuten ibilgailu hori.
Azkenik, ustezko hiltzailea Roquetas de Marren bertan aurkitu zuten, eta haren etxebizitza miatu zutenean hilketarekin zerikusia zuten hainbat froga aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, genero indarkeriaren baitan, hilketa mingarria egin izana eta salaketa faltsua jartzea egotzi diote atxilotuari.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.