Gizartea -
Alerta
Leslie urakanak euri-jasak eta haize-bolada bortitzak utziko ditu Nafarroan
EAEn abisu horia izango da 06:00etatik 18:00ak arte, eurite handiengatik, izan ere, 40 litro metro karratuko bota ditzake ordubetean Kantauriko isurialdean, bereziki ekialdean.
Agentziak | Erredakzioa
Leslie zikloiaren hondarren eta beste fronte aktibo batzuen eraginez, Nafarroan, igande goizaldetik aurrera, euri-jasak eta haize-bolada bortitzak izango direla ohartarazi dute Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusiak eta Estatuko Meteorologia Agentziak.
Leslie urakana Lisboatik sartuko da penintsulan, baina norabide zehatza oraingoz zehazterik ez dago. Horregatik, Barne Ministerioko Babes Zibilak agiri batean azaldu duenez, “une oro erakundeen eta Estatuko Meteorologia Agentziaren abisuen berri izatea gomendagarria da”.
100 kilometro orduko ufadak eragin ditzake Lesliek. Bestalde, penintsularen iparraldean zein ekialdean, beste fronte aktiboen presentziak euri-jasa oso bortitzak utzi ditzake Nafarroan. Tokian toki ordubetean 50 litro metro karratuko pilatu daitezke.
Abisu horia EAEn
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igandean abisu horia aktibatzea aurreikusi du, 06:00etatik 18:00ak arte, eurite handiengatik, izan ere, 40 litro metro karratuko bota ditzake ordubetean Kantauriko isurialdean, bereziki ekialdean.
Bizkaian, ordubetean metro karratuko 20 eta 40 litro artean pilatu daitezke, eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, 60 litro biltzera iritsi daitezke. Arabari dagokionez, toki batzuetan ordubetean metro karratuko 20 eta 30 litro artean pilatu daitezke, ekialdean bereziki.
Goizeko lehen orduetan fronte bat gaineratuko da eta giroa goitik behera aldatuko da. Izan ere, orduek aurrera egin ahala, haizea ipar-mendebalderantz aldatuko da. Aldaketa horrek haize-bolada bortitzak utziko ditu kostaldean. Zaparrada handiak espero dira, batez ere arratsalderako. Noizbehinka ekaitzak jo dezake, eta, orokorrean, tenperatura asko jaitsiko da.