Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon batek emazte ohia zegoen autoaren aurka egin du Gasteizen, furgoneta batekin
Ertzaintzak erasotzailea atxilotu du, genero indarkeria delitu bat egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du igande honetan Gasteizen, genero indarkeria delitu bat egotzita. Izan ere, antza denez, furgonetarekin emazte ohia zegoen autoaren aurka egin du, emakumea bere egungo bikotekidearekin zegoela.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, erasoa igande goizaldean jazo zen, Txile kalean.
Antza, furgoneta bat gidatzen ari zen gizon batek emazte ohia eta haren egungo bikotekidea ikusi zituen auto batean. Une horretan, bere ibilgailutik jaitsi eta emazte ohiaren autoan ate joka hasi zen.
Hori ikusita, biktimaren bikotekideak martxan jarri zuen autoa, ihes egiten saiatzeko, baina erasotzailea bere furgonetan sartu zen eta nahita talka egin zuen autoaren kontra.
Azkenean, emakumeak eta bere bikotekideak ihes egitea lortu zuten, autoz, baina erasotzailea atzetik joan zitzaien.
Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak geldiarazi egin zuen aipatutako furgoneta, eta atxilotu egin zuen gizona, genero indarkeria delitua leporatuta.
______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.