Gizartea -

Segurtasuna

Droneek eta frankotiratzaileek bermatuko dute segurtasuna MTV Music Weeken

Ekitaldi bakoitzak plan eta agente kopuru jakin bat izango du. Gainera, neurri bereziak ezarriko dituzte, bisitari kopuru handia jasotzen duten ekitaldietan ohikoa denez.

ETBren bideo batetik ateratako irudia
ETBren bideo batetik ateratako irudia
ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun arloarekin lotutako Bizkaiko erakundeak neurri bereziak prestatzen dabiltza MTV Music Week ekitaldiari begira. Hartara, droneek eta frankotiratzaileek MTVk antolatutako ekitaldietako publikoaren segurtasuna bermatuko dute.

Aste horretan, Bizkaiko zenbait udalerri kontzertuz jantziko dira, azaroaren 4ko ekitaldi nagusia iritsi aurretik: Barakaldo (urriaren 29an), Getxo (urriaren 31n) eta Bilbo (azaroaren 1ean eta 2an). Gainera, azaroaren 3an kontzertu erraldoia hartuko du San Mames futbol-zelaiak, eta, esan bezala, hilaren 4an BEC erakustazokan izango da ekitaldi garrantzitsuena: MTV telebista katearen sari-banaketa.

Ildo horretan, Herrizaingo Sailak, udaltzainek eta erakunde ezberdinek, 60.000 ikusleen segurtasuna bermatze aldera, egindako elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute Josu Zubiagak Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailburuordeak eta Tomas del Hierro Bilboko Udaleko hiritarren segurtasunerako zinegotziak.

Segurtasun plana

Bilbon, Getxon eta Durangon MTVk antolatutako ekitaldiek oihartzuna izango dute nazioartean ere, eta milaka musikazale mugiaraziko dituzte. Gauzak horrela, segurtasun plan bereziak ezarriko dituzte udalerri horietako Udalek, ekitaldiaren antolatzaileek eta Herrizaingo Sailak.

Zubiagak zehaztu duenez, ekitaldi bakoitzak plan eta agente kopuru jakin bat edukiko du. Hala, ertzain eta udaltzain ugari arituko dira lanean ekitaldi horietan. Gainera, neurri bereziak ezarriko dituzte, bisitari kopuru handia jasotzen duten ekitaldietan ohikoa denez. Trafikoan ere aldaketak egingo dituzte.

Egun horietan, beraz, hainbat polizia-etxeetako unitateek jardungo dute beharrean. Halaber, errefortzu bereziak jarriko dituzte.

San Mameseko kontzerturako neurri bereziak

Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako Sailak neurri bereziak hartuko ditu, San Mamesen azaroaren 3an egingo duten kontzertua dela eta. Alde batetik, nork bere burua babesteko plana bultzatuko du ekitaldiak, eta Udala bera arduratuko da neurri horiek betearazteaz. Bestetik, herritarren segurtasuna bermatzeaz arduratuko dira Udaltzaingoa eta Ertzaintza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia San Mames Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Droneen albisteak