Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Taberna batean sexu-erasoa jasan duela salatu du biktimak, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du ordu batzuk geroago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
31 urteko gizon bat atxilotu dute gaur Barakaldon, taberna batean emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Biktimak arratsaldean jarri du salaketa eta ordu batzuk geroago atxilotu dute ustezko erasotzailea, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Amaia del Campo alkateak udal taldeetako bozeramaileen batzordea deitu du larunbat honetan, 10:00etan, gertakaria aztertzeko. Sexu-erasoa gaitzesteko adierazpen instituzional bat onartu eta elkarretaratzea deituko dute.
"Emakumeak nazkatuta gaude emakume izateagatik gu erasotzeko eskubidea dutela uste duten gizonez", salatu du Del Campok.
"Argi utzi behar dugu Barakaldon ez dugula jarrera sexistarik onartzen eta erasotzaileak ez direla ongietorriak gure herrian", erantsi du.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.