Gizartea -
Immigrazioa
Pertsona bat hil da Melillara sartzen saiatzen ari zela
200 bat pertsonak hesia gainditzea lortu dute. 19 migratzaile eta sei guardia zibil zauritu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Migratzaile bat hil da igande honetan Melillan, hirira sartzen saiatzen ari zela. Guztira, 300 bat pertsona saiatu dira hesia gainditzen, horietako 200 batek lortu dute. 19 pertsona eta sei guardia zibil zauritu dira, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Guardia zibilak arin zauritu dira, hortaz, ez dute osasun arretarik jaso; migratzaileak, ordea, Melillako Ospitaleko Larrialdi zerbitzura eraman dituzte. Oro har, ebakiak eta hausturak dituzte, Sabrina Moh Espainiako Gobernuko ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Oraindik ez dute ezagutzen hildakoaren jatorria eta adina. Guardia Zibilak gizonezkoa aurkitu du "lurrean, geldirik", erasoaren ostean, zonaldea berrikuskatu dutenean. Medikuak gizona berpizten saiatu dira 40 minutuz, baina ez dute lortu. Autopsiaren emaitzen zain daude, baina litekeena bihotzekoak jota hil izana gizonezkoa.
Gertakariak 09:00etan jazo dira, Pinos de Rostrogordotik gertu, Melillako zonalde altuenean. Hesia gainditzen lortu dutenak Etorkinentzako Aldi Baterako Egonaldi-Zentrora abiatu dira, "boza, boza" oihu alaien artean.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Twitter bidez esan duenez, "migrazio erronkaren aurrean, Europako irtenbide adostua eta koordinatuaren alde egingo dugu beti". Gainera, mugetan lanean diharduten Estatuko Segurtasun Indarrei elkartasuna adierazi die eta euren profesionaltasuna goratu du.