Gizartea -

'Cabacas' auzia

Ugarteko: 'Guztiarekin sartzeko agindua eman nuen, baina ez nuen zehaztu nola egin'

Ugartekok argitu du tokian bertan dagoen ertzainburuak duela agintea, eta furgonetetan ofizialek ematen dituztela aginduak.

Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotutako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotutako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
'Ugarteko'ren deklarazioa: ez omen zuen esan nola sartu

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko apirilaren 5ean hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek buruan kolpatuta. Egun hartan, Ugartekok zuzentzen zuen Ertzaintzaren operatiboa, eta berori da, hain zuzen, hilketa gertatu zen kalezulora joateko eta zeukaten guztiarekin sartzeko agindua eman zuena. Horixe da, behinik behin, asteazken honetako saioan Ugartekok berak onartu duena.

Azaldu duenez, "ingurua babesteko" eta "istiluak eteteko" eman zuen agindua. Dena dela, argitu du ez zuela agindutakoa "nola egin behar zuten" zehaztu, akusatuen aulkian eseri zen "zonalde horretako ertzainburuaren ardura" zelako hori.

Bizkaiko Lurralde Auzitegian egindako adierazpenean, hilketa jazo zenean Deustuko polizia-etxean zegoela, eta bere lana koordinazio aginduak eta baliabideak ematera mugatzen zela esan du.Gainera, argi utzi du istiluak gertatzen diren tokian bertan dagoen ertzainburuak duela agintea, eta furgonetetan ofizialek ematen dituztela aginduak. Ildo horretan, berretsi du ez zuela "gauzak nola egin" agindu.

Epaiketan ziurtatu duenez, ingurua babesteko asmoz, "guztiarekin sartzeko" agindua eman zuenean, "arina" izaten saiatu zen. Hain zuzen ere, mezu horrekin furgonetako ertzainburuari adierazi nahi zion "istiluak baretzeko nahikoa baliabide zituela". "Ez nion esan zer erabili behar zuen", zehaztu du.Era berean, azpimarratu du ertzainburuari dagokiola tiro egiteko agindua ematea. Gainera, Ugartekoren esanetan, koordinazio zentroari jakinarazi behar dio tirokatzen ari direla. Hori horrela, Ugartekok gaineratu du zonalde hartako ertzainburuak esan ziola ez zirela furgonetatik atera, haien aurka objektuak jaurtitzen ari zirelako, eta, beraz, ez zutela "gatazkan" esku hartu.Bukatzeko, azaldu du "ertzainburuak ezer egiten ez zuela ikusita, kalezulora sartzea eta ingurua babestea" agindu zuela. Horrez gain, baieztatu du furgonetatik jaisteko eskatu ziola ofizialari, ez zekielako zer gertatzen ari zen.

Iñigo Cabacas plataformak baieztatu du “justizia egongo balitz, Ugarteko akusatuen aulkian egongo litzatekeela

Iñigo Cabacas plataformako ordezkariek ziurtatu dute gaurko eguna "berezia" dela, Athleticeko jarraitzailearen heriotza eragin zuen kargaren "erantzule zuzenak" lekuko gisa deklaratu duelako. "Justizia existituko balitz, akusatuen eserlekuan egongo litzateke", nabarmendu dute.

Epaiketaren asteazkeneko saioa hasi aurretik, Justizia Jauregiaren aurrean elkartu dira plataformako kideak. Esan bezala, Ugartekok hartu du hitza gaur, hots, Maria Diaz de Haroko kalezuloan "zeukaten guztiarekin sartzeko" agindua eman zuen Ertzaintzaren buruak. Hantxe jaso zuen Cabacasek pilotakada.

Elkarretaratzean, Iñigo Cabacasen gurasoen zain egon dira bertan bildutako lagunak, eta txalo artean egin diete harrera. Geroago, megafonia bidez, Ugartekoren agindua jasotzen duten grabazioa jarri dute.

"Egunero ari gara lekukotasun oso gogorrak entzuten, baina gaurkoa bereziki garrantzitsua da", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas Ertzaintza Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak