Gizartea -

IMMIGRAZIOA

Arabarrek eta gasteiztarrek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen

Immigrazioaren inguruan dauden pertzepzio eta jarrerei buruzko 2018ko Barometroaren emaitzen arabera, arabarren % 10,6k eta gasteiztarren % 10,1ek baino ez dute immigrazioa arazotzat hartzen.

Immigrazioaren inguruko jarrerei buruzko 2018ko Barometroaren aurkezpena. Argazkia: Arabapress
Immigrazioaren inguruko jarrerei buruzko 2018ko Barometroaren aurkezpena. Argazkia: Arabapress
Immigrazioaren inguruko jarrerei buruzko 2018ko Barometroaren aurkezpena. Argazkia: Arabapress

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bibat Arabako Arkeologia Museoan asteazkenean aurkeztutako 2018ko Barometroaren datuek adierazten dutenez, arabarren % 10,6k eta gasteiztarren % 10,1ek baino ez dute immigrazioa arazotzat jotzen.

Jose Antonio Oleaga Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendari eta EHUko irakaslearen esanetan, immigrazioaren inguruan dauden pertzepzio eta jarrerak hobetu egin dira azken urteotan.

Arabako Foru Aldundiaren arabera, arabarrek eta gasteiztarrek immigrazioaren onura ekonomikoak hautematen dituzte egoera ekonomiko orokorra hobetu ahala, "adierazle makroekonomikoei dagokienez, behintzat".

Hala ere, Maite Fouassier Ikuspegiko ikertzailearen hitzetan, "arabarren eta gasteiztarren errezelorik handienak ongizatea mantentzearekin, gizarte laguntzak eskuratzearekin eta laguntza horien banaketarekin daude lotuta". Immigranteek beren erlijioetarako tenpluak eraikitzeak, jatorrizko herrialdean bezala janzteak eta ikastetxe pribatuak sortzeak ere eztabaida eta, batzuetan, arbuioa sortzen dutela gaineratu du Fouassierrek.

Biztanle horiek ez dituzte txostenetan beren lehentasunak ezkutatzen; EBko mendebaldeko eta Latinoamerikako pertsonak begiko dituzte, kultura aldetik gertuago baitaude. Magrebeko, Errumaniako eta EBko ekialdeko eta Pakistango pertsonekin, aldiz, mesfidantza handiagoa erakusten dute.

"Immigranteen aurkako estereotipo faltsu eta ezkorretan oinarrituriko diskurtso intoleranteak gerarazteko, bizikidetzari kalte larriak eragiten dizkioten eta diskriminazioa sustatzen duten diskurtsoen inpunitate guneak ixtea beharrezkoa da", azaldu du Oleagak.

Hezkuntza eta osasuna

Eskubideak eskuratzeari dagokionez, gero eta arabar zein gasteiztar gehiago dira atzerriko immigrante guztiek hezkuntza eta osasun eskubideak izatearen aldekoak, % 80tik % 90era igo baitira iritzi hori dutenak. Laguntza juridikoa izan, gizarte laguntzak jaso, berrelkartu, botoa eman eta babes ofizialeko etxebizitza izateko eskubideak, berriz, arautu egin beharko liratekeela adierazi dute.

Pertsona errefuxiatuak

Errefuxiatuak hartzeari buruz galdetuta, 4 pertsonatik 3k jarrera inklusiboak erakutsi dituzte, oztoporik gabe harrera egitearen aldekoak direla eta jazarpena jasaten ari diren errefuxiatuei asiloa ematearen aldekoak direla esan baitute. Immigrazio politikari dagokionez, arabarrek eta gasteiztarrek leundu egin dituzte atzerriko immigranteak hartzeari buruzko jarrerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Araba Arrazismoa bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Eguneko albisteak Errefuxiatuak albisteak gaur