Gizartea -
Indarkeria matxista
Adingabe bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik
Emakumeak aurre egin zion, ihes egitea lortu zuen eta laguntza eskatu zuen. Gertakariak urriaren 26an jazo ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 17 urteko gizon bat atxilotu du bart Bilbon, emakume bati kalean sexu-ukituak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez, urriaren 26an jazo zen erasoa, Casilda Iturrizar parkean.
Emakumeak jarritako salaketaren arabera, 03:00ak aldera, ezezagun bat jarraika hasi zitzaion Bilboko Casilda Iturrizar parkearen inguruan, eta eraso egin zion.
Biktima indarrez hartu zuen adingabeak, eta gorputz osoan sexu-ukituak egin zizkion. Jarrera horren aurrean, emakumezkoa ihes egiten ahalegindu zen, eta, korrika irtetea lortu zuenean, laguntza eskatu zion inguruan zegoen bikote bati. Erasotzaileak ere lekutik ihes egin zuen.
Erasotzailearen izaera fisikoa aztertu ostean, ertzainek susmagarria identifikatu zuten, eta patruila batek atzo bertan atxilotu zuen, Mina San Luis kalean.
Atxilotuari sexu-ukituak egitea egotzi diote, eta datozen orduotan eramango dute epailearen aurrera.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.