Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek eraso egin dio emakume bati Urnietan

Hainbat lagun batu dira astearte honetan Urnietan, hamar minutu iraun duen elkarretaratzean, igandean emakume batek jasandako erasoa gaitzesteko.

Urnietan izandako sexu erasoa gaitzesteko egindako bilkura. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Urnietan izandako sexu erasoa gaitzesteko egindako bilkura. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Urnietan izandako sexu erasoa gaitzesteko egindako bilkura. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarretaratze isila egin dute astearte honetan Urnietan, iragan igandean emakume batek autobus-geltoki batetik gertu izandako erasoa gaitzesteko.

Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, hainbat lagun bildu dira kontzentrazioan, hamar minutuz. Besteak beste, Udal ordezkariak izan dira han, Mikel Pagola alkatea buru.

Halaber, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta Miren Elgarresta Urnietako Udaleko Berdintasunerako zuzendariak hartu dute parte.

Udalak astelehenean ohar batean jakinarazi zuenez, 18:30 aldera, jazo zen erasoa. Gizon batek fisikoki eta ahoz eraso zion emakume bati. Geltokian hainbat pertsona zeuden, eta esku hartu eta erasoaren ondorioak larriagoak izatea saihestu zuten. Herritar horien jarrera txalotu eta eskertu du

Segurtasun Sailak, bere aldetik, ohartarazi du ustezko erasotzailea, 28 urteko gizonezkoa, atxilotu egin dutela, genero indarkeria delitua egotzita.

Hain justu, eraso matxista hori salatzeko eta biktimari laguntza nahiz begikotasuna adierazteko oharra kaleratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo.

Foru erakundearen esanetan, "emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko".

__________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Urnieta Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa