Gizartea -

Iruzur informatikoa

EAEko 40 enpresa eta erakunde 'CEO iruzurra'ren biktima izan dira 2018an

Kaltetutako enpresako goi-karguren baten posta elektronikora sartzen saiatzen dira iruzurgileak. Horretarako, ordenagailuak kutsatu edo "phising" teknikak erabiltzen dituzte.

ETBren bideo batetik ateratako argazkia
ETBren bideo batetik ateratako argazkia
EAEko 40 enpresa eta erakunde 'CEO iruzurra'ren biktima izan dira 2018an

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak ohartarazi du "CEO iruzurra" izenarekin ezaguna den maula informatikoak ia bi milioi euroko galerak eragin dituela aurten Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 40 kasu atzeman dituzte, bai enpresetan eta baita erakundeetan ere.

Gipuzkoan, adibidez, Ertzaintzak 21 salaketa jaso ditu 2018an. Guztira, 800.000 euroko galerak ekarri ditu horrek. Gainera, beste lau kasutan 230.000 euro eskuratzen saiatu dira iruzurgileak.

Araban, berriz, 12 dira aurten jarritako salaketak; guztira, 900.000 euro "lapurtu" dituzte, beraz. 12 salaketa horietatik hirutan huts egin zuten iruzurgileek.

Bizkaian, 7 iruzur zenbatu dituzte, eta 145.000 milioi euroko diru-galerak eragin dituzte horiek. Kasu honetan ere, 3 iruzur-saiakerak huts egin dute azken hilabeteotan.

Maula-egileek horretarako erabiltzen duten formula ondorengoa da: kaltetutako enpresako goi-karguren baten posta elektronikora sartzen saiatzen dira, lehenik. Horretarako, ordenagailuak kutsatu edo "phising" teknikak erabiltzen dituzte.

Hortik aurrera, biktimaren posta elektronikoaren jarraipena egiten dute, eta jasotzeko zain dauden ordainketak atzematen dituztenean, kaltetutako pertsonaren datuak iruzurgilearenekin ordezkatzen dituzte. Gauzak horrela, ordainketa horiek maula-egileak berak jasotzen ditu.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, mota horretako iruzurretan "aukera gutxi" daude dirua berreskuratzeko. Horregatik, kontuz ibiltzeko eta segurtasun-neurriak hartzeko gomendatu die enpresa eta erakundeei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ertzaintza Iruzurrak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak