Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi gazte atxilotu dituzte Bilbon neska bati egindako sexu-erasoagatik
Erasoa urriaren 27an gertatu zen. Aurreneko atxiloketa urriaren 31n egin zuten, eta bigarrena iragan astelehenean.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 27an, Bilbon, neska bati egindako sexu-erasoa egotzita bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak.
Aurreneko atxiloketa urriaren 31n egin zuten, eta bigarrena iragan astelehenean. Gainera, azken atxilotua ikertzen ari dira, azaroaren 2an, Abando auzoan, gertatutako beste sexu-eraso batekin zerikusia duelakoan.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, urriaren 27an bi atxilotuek neskari sexu-erasoa egin zioten Bilboko etxebizitza batean. Ertzaintzaren aurrean salaketa aurkeztu zuten gertakariengatik. Ikerketa abiatu zuten, delituaren ustezko egileak identifikatu eta atxilotzeko.
Ustezko erasotzaileetako bat Bilbon atxilotu zuen Ertzaintzak, urriaren 31n. Ondoren 18 urteko gaztea epailearen esku jarri zuten.
Bigarren susmagarria aurkitzeko ikertzen jarraitu zuen Ertzaintzak. Azkenean, iragan astelehenean atxilotzea lortu zuten, Bizkaiko hiriburuan.
Gainera, atzoko atxilotuari (18 urte) beste sexu-eraso bat leporatu diote. Azaroaren 2an gertatu zen, Abando auzoan. Astelehen arratsaldean epailearen esku utzi zuten bigarren atxilotua.
__________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.