Gizartea -
Goi-mailako ikasketak
Gastronomia arloko doktoretza ikasketak eskainiko ditu Basque Culinary Centerrek
Donostian kokatuta dagoen goi-mailako sukaldaritza eskola izango da nazioartean gastronomia inguruko doktoretza ikasketak eskaintzen dituen lehena.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren ikasturtetik aurrera, gastronomia arloko doktoretza ikasketak eskainiko ditu Basque Culinary Centerrek. Gauzak horrela, Donostian kokatuta dagoen goi-mailako sukaldaritza eskola hori izango da nazioartean gastronomia inguruko doktoretza ikasketak eskaintzen dituen lehena. Mondragon Unibertsitatera atxikita dago, eta gaur egun graduko ikasketak eta zortzi master eskaintzen ditu.
Joxe Mari Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak iragarri du gaur, asteazkena, datorren irailetik aurrera doktoretza ikasketak eskainiko dituztela. Halaber, Forum Europa Tribuna Euskadi ekitaldian emandako hitzaldian azaldu duenez, Basque Culinary Center eskolak berrikuntza du ardatz. Ildo horretatik, lehengaiei balioa emanez, sektoreko eragile ekonomikoak izateko helburu dutela esan du; sukaldea, zerbitzua, enpresa-kudeaketa eta zientzia aplikatuak uztartuz.
Ikasturte honetan, nazioarteko 32 herrialdetatik etorritako 600 ikasle matrikulatu direla nabarmendu du Aizeagak. Halaber, Basque Culinary Centerrek euskal Barne Produktu Gordinari (BPG) 10 milioi euroko ekarpena egiten diola gaineratu du. Bere esanetan, goi-mailako sukaldaritza eskola horretako ikasleek “enplegu betea” lortzen dute; gehienak gastronomiari lotutako postuetan egiten dute lan, eta beste batzuk, berriz, ikerketari bideratutako enpresetan.
Gauzak horrela, nazioartean ez dagoela Basque Culinary Center bezalako beste goi-mailako sukaldaritza eskola bat esan du, eta bertan eskaintzen dituzten ikasketak aipatu ditu. Dena dela, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) edo Suitzan antzeko “ikasketa partzialak” eskaintzen dituztela esan du.
Aurrera begira, Aizeagak azaldu du Basque Culinary Centerrek bi erronka nagusi dituela: elikadura osasungarria eta jasangarritasuna. Izan ere, nazioartean ekoizten diren elikagaiek ingurumenean eragiten dutela esan du.