Gizartea -
Epaiketaren balorazioa
Cabacasen gurasoak: 'Akusatuei mesedezko tratua eman diete'
“Umiliatu, iraindu gaituzte”, esan du Manu Cabacasek. Lehen eta azken egunean kenduta, ahozko saiora ez joateko baimena eman zien aretoak akusatuei, eta horietako lauk mozorroturik deklaratu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegiak akusatuei mesedezko tratua eman diela salatu dute gaur Iñigo Cabacasen gurasoek eta lagunek. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Athleticeko jarraitzaile gaztea hil zuen. “Biktimek merezi duten errespetutik urrun, mespretxua eta umiliazioa” sentitu dutela azpimarratu dute.
Justizia eskatzeko sortu zuten plataformak deitutako agerraldian, epaiketaren hiru asteetan gertatutakoa aztertu dute hildakoaren aitak eta bi lagunek. Gau hartako dispositiboan parte zuten sei ertzaini hilketa eta arduragabekeria profesionala egotzi diete.
“Umiliatu gaituzte, iraindu gaituzte”, azaldu du Manu Cabacasek. Aitaren ahotan, epaimahaiak, Fiskaltzak eta Eusko Jaurlaritzak akusatuei “faborezko tratua eman” diete.
Aurreneko eta azken egunean kenduta, ahozko saiora ez joateko baimena eman zien aretoak akusatuei, eta horietako lauk ileorde eta bizar faltsuekin mozorroturik deklaratu zuten.
Segurtasun Saileko abokatuak, “diru publikoarekin ordainduak”, epaiketan izan dira, eta defentsekin “hartu-eman estua” izan dute, aurpegiratu duenez. “Gure abokatuak (akusazio partikularrarenak) guk ordaindu ditugu, eta euronak (defentsarenak) ere bai”, adierazi du.
Cabacasen hitzetan, defentsaren lekukoa zen ertzain batek “bere deklarazioa prestatzeko” Eusko Jaurlaritzaren abokatuekin bildu izana onartu zuen epaimahaiaren aurrean; “lotsagabekeria gehiegizkoa da”. “Gertakari prozesal larri” honen harira, Estefania Beltran de Heredia sailburuaren iritzia jakin nahiko luke Cabacasen aitak, “erantzukizun politiko larria baita”.
Hala ere, “umiliagarriena eta mingarriena” Fiskaltzaren jokabidea izan dela onartu du biktimaren aitak. “Jarrera axolagabe batekin”, akusatuen absoluzioa eskatu zuen epaiketaren amaieran, “Iñigo zein pilotak hil zuen zehaztea ezinezkoa delako”, erantsi duenez, “Poliziaren edozein ekintzari errugabetasun eremu handi bat utziz”.
Auzitegi Goreneko epaien arabera, “tiro nork egin zuen zehaztea ez du garrantzirik, gertakari bateratu bat delako, eta erantzukizun partekatua delako”, Cabacasek gogorarazi duenez.