Gizartea -

Manifestazioa

Iñigo Cabacasentzat 'justizia' eskatu dute ehunka pertsonak Bilbon

Protesta Justizia Jauregiaren aurrean bukatu da. “Zigorra ez den beste epairik ez luke ulertuko gizarteak”, ziurtatu dute gaztearen lagunek.

Iñigo Cabacasentzat "justizia" eskatu dute ehunka pertsonak Bilbon. Irudia: EiTB
Iñigo Cabacasentzat "justizia" eskatu dute ehunka pertsonak Bilbon. Irudia: EiTB
Iñigo Cabacasentzat "justizia" eskatu dute ehunka pertsonak Bilbon. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabasentzat “justizia” eskatu dute ehunka pertsonak arratsaldean, Bilboko kaleetan. Athleticen jarraitzaile gaztearen hilketa argitzeko epaiketa ostiral honetan amaituko da, Cabacas hil zutenetik sei urte eta erdi pasa direnean. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek larri zauritu zuen, eta egun batzuk geroago hil egin zen.

Manifestazioa 19:30 aldera abiatu da Maria Diaz de Haroko kalezulotik. Iñigo Cabacasek pilotakada hilgarria bertan jaso zuen, Athletic-Schalke Europa Ligako norgehiagoka bukatu ondoren.

Manuel eta Fina Iñigoren gurasoak manifestazioaren buruan izan dira, "Unea heldu da. Justizia Iñigorentzat" zioen pankartaren atzean. Iñigorentzat “justizia” aldarrikatzeko eta gaztea gogorarazteko leloak oihukatu dituzte manifestariek.

Protesta Justizia Jauregiaren aurrean amaitu da. Hildakoaren lagunek agiri bat irakurri dute bertan. “Zigorra ez den beste epairik ez luke ulertuko gizarteak”, ziurtatu dute.

"Hona arte heldu baldin bagara jendearen borroka eta konpromisoari esker izan da"

Epaiketak iraun dituen hiru asteetan zehar entzundakoak “zenbaitetan haserretu, atsekabetu eta lur jota” utzi dituela azpimarratu dute. Gertatutakoa onartu eta arduradunek “inolako pribilegiorik gabe” erantzukizunak garbitzea eskatu dute, horrelakoren bat berriz ez errepikatzeko.

Zentzu horretan, Iñigoren heriotzaren ondotik Fiskaltzak izan duen papera “lotsagarria eta onartezina” izan dela uste dute, epaiketan “deliturik ez” dagoela esan baitu.

Lagunen hitzetan, poliziaren eredu honek “ez du balio, ez du tokirik gure gizartean, onartezina da, eta premiazko aldaketa bat behar du”. Sententziari “adi” egoteko eskatu diete manifestariei; “unea heltzen denean, epaia egokia ez baldin bada, erantzun egokia emateko”.

“Hona arte heldu baldin bagara jendearen borroka eta konpromisoari esker izan da, eta konpromisoa mantendu beharko dugu, bihar Iñigoren hilketa auzia bukatzen ez delako”, nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas Bilbo Basauri Ertzaintza Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak