Gizartea -
CABACAS AUZIA
Goirizelaiak zigorra eskatu du horrelako ekintzek 'baimen itxura izan ez dezaten'
Aldeek ondorioen txostena aurkeztu dute. Akusazio partikularrak akusatutako sei ertzainentzako lau urteko kartzela zigorra eskatu du; Fiskaltzak, berriz, absoluzioa. Epaiketa bukatu egin da.
EITB.EUS
Akusazio partikularrak lau urteko kartzela zigor-eskaerari eutsi egin dio Iñigo Cabacasen heriotzagatik akusatutako ertzainentzat, Ertzaintzak neurriz kanpo eta arauetatik at jokatu zuelako.
Jone Goirizelaia akusazio partikularraren abokatuak sei akusatuak zigortzea eskatu du "horrelako ekintzek baimen itxura izan ez dezaten".
Garai hartan, Maria Diaz de Haroko kalezuloan dagoen Herriko taberna "obsesio" bilakatu zen aginduak ematen zituen pertsona harentzat, alegia, Ugartekorentzat. Horixe da, behinik behin, Goirizelaiak gogorarazi duena.
Gainera, Cabacasen senitartekoen abokatuak azpimarratu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu izendatu zutenean (Iñigo Cabacasen hilketa gertatu zenean) argi utzi zuela "borrokei" gogor erantzungo ziela, eta ertzainek jasotzen zituzten aginduak horren adibide zirela.
Akusazio partikularrak bi ordu luze erabili ditu bere azken eskaria egiteko. Akusazioaren esanetan, egun hartan jai giroa zen nagusi Athleticen partidaren ostean, eta, beraz, ez zen oldartzeko motiborik. "Iñigo ez zen inongo istilutan parte hartzen ari", esan du Goirizelaiak.
Dena den, Fiskaltzak ez du bere hasierako jarrera aldatu. Fiskaltzak ez du delitu aztarnarik ikusi, eta defentsak egin bezala, absoluzioa eskatu du auzipetutako sei ertzainentzat.
Gaur amaitu da Bizkaiko Lurralde Auzitegian Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ahozko epaiketa. Aldeek ondorioen txostena aurkeztu dute, eta auzia epaiaren zain gelditu da. Gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, egun batzuk lehenago Ertzaintzak San Mames inguruan jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota.
Guztira, sei ertzain eseri dira akusatuen aulkian, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat.
Orotara, 80 lekuko baino gehiagok deklaratu dute epaiketan.
Atzo, Iñigo Cabacasentzat "justizia" eskatu zuten ehunka pertsonak Bilbon. Manifestazioa 19:30 aldera abiatu zen Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen tokitik, Maria Diaz de Haroko kalezuloa, eta Bilboko kaleak zeharkatu ondoren Bizkaiko Lurralde Auzitegian amaitu zen. Fiskaltzaren jarrera "lotsagarria eta onartezina" izan dela salatu zuten. Ez hori bakarrik, salatu zutenez, "zigorra ez den beste epairik ez luke ulertuko gizarteak".