Gizartea -
Epaia
Hilketa saiakeragatik jarritako 10 hileko zigorra irmotzat jo du 'La Manada'ren salak
Emazte ohia hiltzen saiatu zen gizonezkoa, seme-alaben aurrean, baina hilketa delituagatik beharrean, ezohiko tratu txarrengatik zigortu dute. Epaia ez du inork errekurritu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegiko 2. sekzioak 10 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra ezarri dio emazte ohia hiltzen saiatu zen gizon bati. Izan ere, hilketa delituagatik (saiakera mailan) beharrean, ezohiko tratu txarrengatik zigortu du, emakumea ez hiltzea "libreki eta bere borondatez" erabaki zuela argudiatuta.
Hain zuzen ere, ostegunean eman zuten epaia, eta gaur, ebazpena irmoa dela jakinarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak, "inork ez duelako errekurritu". Ministerio Fiskalari, erasotzailearen abokatuari eta akusazio partikularrari errekurtsoa jartzeko epea agortu zaiela ere adierazi du.
Epaiak dioenez, erasotzaileak bete du dagoeneko behin-behineko espetxealdiaren zigorra, baina 5.150 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko du orain.
Era berean, biktimarekin komunikatzeko eta berorrengana gerturatzeko debekua eta guraso-ahalaren etetea kentzea eskatu du epaileak ebazpenean.
Azkenik, genero indarkeriaren biktimen babeserako beharrezkoak diren izapideak Erregistro Zentralera eramatea, eta epaiaren kopia Estatuko Segurtasun Indarrei bidaltzea exijitzen du ebazpenak.
____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.