Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakume bat lokal batean giltzaperatu ostean
Lehenago, 39 urteko gizonak sexu-harremanak izan ditu emakumearekin, diruaren truke, eta ez dio lokaletik ateratzen utzi.
Agentzia | Erredakzioa
39 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon (Bizkaia), igande honetan, giltza batekin lokal bateko atea ixteagatik eta emakume bati bertatik ateratzen ez uzteagatik. Lehenago, sexu-harremanak izan ditu emakumearekin, diruaren truke, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
01:00ak aldera, pertsona batek Ertzaintzari deitu dio, eta ezagun bat Ibarrekolanda guneko lokal batean giltzaperatuta zegoela jakinarazi dio.
Patruila bat bertaratu da, eta eraikineko atearen bestaldean zegoen emakume batekin hitz egin ahal izan du. Hark bezero batekin sexu-harremanak izatera joan dela esan die.
Amaitu orduko, lekutik ateratzera joan denean, gizonak atea itxi du giltzarekin, eta lokaleko beste gela batean sartu da. Emakumeak atea irekitzeko behin eta berriz eskatu arren, gizonak ez dio kasurik egin.
Egoera horren aurrean, poliziek askotan deitu diote gizonezkoari, eta ertzainak zirela jakinarazi diote, baina ez dute inolako erantzunik jaso.
Azkenean, agenteek indarrez ireki dute atea, eta emakumea bertatik ateratzea ahalbidetu dute. Gizona atxilotu egin dute.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.