Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, bikotekideari eraso egiteagatik
Bilboko Udaleko talde guztiek gaitzetsi egin dute erasoa, eta indarkeria matxistari aurre egiteko herritar guztien inplikazioa eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, bikotekideari eraso egiteagatik. Udaltzaingoak jakitera eman duenez, igande goizaldean izan zen erasoa, Kale Nagusian.
Lekuko batzuk deitu zuten larrialdietarako zerbitzura, gertatutakoaren berri emateko, eta erasoaren tokian bertan atxilotu zuen udaltzainek erasotzailea.
Atxuri auzoan ere, gizonezko batek emakume bati eraso egin dio bart, Udaltzaingoaren arabera. Kasu horretan biktimak ez du salaketarik jarri.
Bilboko Udalak gaitzespen adierazpena kaleratu du, bi erasook gaitzesteko eta bere samina adierazteko. "Ekintza horiek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez. Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu. Halaber, emakumeei baita gertukoei ere, gure babesa helarazi gura diegu", jaso dute agirian.
Eraso sexistei aurre egiteko deia luzatu die herritarrei Udalak. "Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean", gaineratu dute.
Azken orduotako erasoak gaitzesteko ekintzetan parte hartzeko konpromisoa agertu du Udalak.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.