Gizartea -
Ikerketa
'La Manada'koen Iruñeko ibilbidea ezagutarazi nahi duen webgunea ikertzen dabiltza
Udaltzaingoak tourlamanada.com webgunearen egiazkotasuna eta jatorria ezagutzeko asmoarekin abiatu du ikerketa. Emakumeen kontrako tratu txarrak salatu omen nahi ditu webguneak.
EiTB.EUS
EGUNERATZEA: Itxi egin dute 'La Manada'koen Iruñeko ibilbidea ezagutarazi nahi zuen webgunea
Iruñeko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du asteazken honetan, tourlamanada.com webgunearen egiazkotasuna eta jatorria ezagutzeko. Webgune horrek gaueko ibilaldia eskaintzen die bisitariei, 2016ko uztailaren 6an "La Manada" taldekoek egindako ibilbidea ezagutarazteko. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur bertan berretsi du La Manada auziko epaia.
Udaltzaingoaren iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, azken orduotan atari horri buruzko informazio asko zabaldu da interneten, eta erabiltzaileak haserre agertu dira horren aurrean. Horregatik, webgunea nork eta zein helbururekin sortu duen ondorioztatu nahi dute udaltzainek.
Halaber, gertakari horiek gaitzetsi dituzte, Twitter bidez.
Webguneari dagokionez, egileek iragarri dute emakumeen kontrako tratu txarrak salatu nahi dituztela. Gainera, tourlamanada.com-ek turismoa erakartzeko xedea ere baduela zehaztu dute.
Bestalde, webgune horretan azaltzen dute "Iruñea maite duten gidari profesionalek" zuzentzen dutela ibilaldia. Doako "tourra" da, baina Jose Angel Prendaren ("La Manadako" kideetako bat) tatuajea irudikatzen duten kalkomaniak saltzen dituzte ibilaldian bertan.
"La Manadakoek argazkia egin zuten lekutik (Zapatari kalearen 17. zenbakia) aterako dira ibilaldiak hileko azken asteazkenetan, eta gau hartan zeharkatu zituzten toki guztietatik igaroko dira, Zezen Plazan bukatu arte. Ondoren, La Manadakoek jantzita zeuzkaten kamisetak erosi ahalko dituzte bisitariek handik gertu dagoen denda batean", iragarri dute.