Gizartea -
Dekalogoaa
Bideojokoak eta adingabekoak: erabilera osasungarri baterako aholkuak
'The Good Gamer' dekalogoak seme-alabek ondo ezagutzen duten bideojokoen mundura nola hurbiltzea irakatsi nahi die gurasoei.
Agentziak | Erredakzioa
Lehenik eta behin etxerako lanak daude, baina gero, gurasoek bideojokoetara seme-alabekin jokatu behar dute, haiekin batera pantailaren aurrean igarotzen duten denbora adostu eta euren lagun birtualak ezagutu.
"Izan partaide, euren mundua ezagutu", laburbiltzen du EFErentzat Jose Maria Morenok, Espainiako Bideojokoen Elkartek (AEVI) zuzendari orokorrak. Espainiar estatuan 9.000 pertsonak egiten dute lan bideojokoen industrian, eta AEVIk erabilera arduratsua bultzatzeko dekalogoa argitaratu du.
The Good Gamer (Jokalari ona) du izena, eta ume, guraso eta hezitzaileei zuzenduta dagoen kanpaina handiago baten parte da. Barakaldoko BECen egiten ari den Fun & Serious Games jaialdian aurkeztu dute.
Gurasoentzako hamar arau dira: lehenengoa, seme-alabekin jokatu, aurrerapenengatik zoriondu. "Ideia zergatik gustatzen zaien eta zer egiten ari diren ulertzea da, arauak egin ahal izateko; agian, konturatuko zara ez daukala zentzurik jokatzeko hamar minutuko muga jartzea partida hogei minutukoa denean. Haiekin jokatu haiek ikusteko badakizula zeri buruz hitz egiten duten", gomendatzen du Morenok.
Ez dira soilik jokoak: "oroimena edo ikusmen espaziala bezalako gaitasunak bultzatzen dituzte, historia irakasten dute… Ustekabeak harrapatze dituzu, tiroak dituzten bideojokoak ez direlako gehien kontsumitzen direnak Espainian". FIFA da, ordea, kontsoletarako gehien saldu dena.
Adin tarte bakoitzeko bideojoko bat hautatu behar da, gutxiengo adinari, Pegi kode delakoari, erreparatu behar zaio. "Hor dakar 18 urtetik gorakoentzat bada, eta zure seme-alabak 14 baditu, ez erosi; edukiari buruzko etiketak ere baditu, indarkeria dagoen, sexua agertzen den…".
Eta denda ofizialetan eta baimendutako plataformetan besterik ez erostea, birusak edota esteka arriskutsuak saihesteko.
"Ordu laurden bat" eskaini behar zaio gurasoentzako kontrol funtzioak berrikusteko. Horien bitartez ordainpeko edukiak deskargatzeari mugak jarri ahal zaizkio, baita gurasoek desegokitzat hartzen dituzten jokoak kontrolatu ere.
Eskola dago beti lehen tokian; beraz, seme-alabei azaldu behar zaie soilik etxerako lanak bukatuta jokatu ahal dutela. Gero, dibertitzeko egunak eta orduak adostu behar dira, baina baita jarrera desegokiak zuzendu eta ikusmena behartzen ez dutela ziurtatzea ere, pantailen argiztapena kontrolatuta.
Beste aholku bat: etxean partidak antolatzea, horrela seme-alaben lagun birtualak ezagutzeko —"agian, zure seme-alaba pertsona bitxi bat zela uste zenuen, eta konturatuko zara inoiz baino gehiago sozializatzen duela", dio Morenok—.
Azkenik, haurrei errealitatea eta fikzioaren artean desberdintzen irakastea eta, bide batez, datu pertsonalak emateari buruz ohartaraztea.
"Bideojokoek abantailak dituzte"
Bideojokoen baloreak aldarrikatzeko proiektu zabalago baten partea da dekalogoa. Izan ere, industria kezkatuta dago mendekotasunen aurkako Estatuaren estrategian sartu dituztelako bideojokoak. "Ez dakit nola bukatu garen hor, drogarekin batera. Arazo bat sortzen digu, guri eta Espainian dauden 16 milioi bideojokalariei. Gehiegizko kontsumoa ez dela komenigarria esaten dugun lehenengoak gara".
Morenok azaltzen duenez, Espainiar estatuan, 16 milioi bideojokalarirekin, egunean 45 minutu jokatzen dira, Erresuma Batuaren erdia eta Frantziar estatuan baino ordu laurden bat gutxiago. "Ez dugu gehiago kontsumitzen, modu osasungarria egiten dugu, eta gainera bideojokoek abantailak dituzte".
Dekalogoaz gain, erabilera osasuntsua sustatzeko webgune bat sortu dute, Twitter eta Facebookeko profiletara lotuta dagoena, eduki eta aholkuekin.
Hurrengo hilabeteetan, AEVIk, administrazioen, prentsaren, medikuen eta hezitzaileen aurrean aurkeztuko du iniziatiba hau, "bideojokoak modurik onenean" kontsumitu daitezen.