Gizartea -

Genero indarkeria

Gizon batek bikotekideari eraso egin dio Hondarribian

Gipuzkoako aipatu udalerriko Udalak elkarretaratzea deitu du 18:30erako. 31 urteko gizonezkoari genero indarkeria delitua egotzi diote.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek bikotekideari eraso egin dio Hondarribian, biek partekatzen zuten etxebizitzan.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, azaroaren 25ean jazo zen erasoa. Dirudienez, etxean bertan kolpatu zuen emakumea 31 urteko gizonezkoak.

Ustezko erasoaren ondotik, Bidasoako Ospitalera joan zen biktima, eta geroago polizia-etxera. Han salaketa jarri zuen bikotekidearen aurka, eta egun batzuk geroago genero indarkeria delitua egotzi diote erasotzaileari.

Hondarribiko Udalak, bere aldetik, Soroeta auzoan gertatutakoa gaitzetsi du. Halaber, elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. Hala, San Pedro kalean egingo dute protesta, 18:30etik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek ere elkarretaratzearekin bat egin dute.

Gaur bidalitako oharrean Udalak esan du gertakaria "irmoki" gaitzesten duela, biktimari elkartasuna adierazten diola eta eraso horrek errespetuan oinarritutako emakumeen eta gizonen arteko elkarbizitza urratu duela, "emakumeek ere duintasunez bizitzeko eskubidea baitute".

Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak beste ohar bat bidali du azaroaren 25eko erasoa salatzeko. "Ez ditugu, inolaz ere, emakumeen eskubideak urratzen dituzten ekintzak onartuko", adierazi du. Gainera, "genero aurreiritziz jositako gizarte honen ondoriorik larriena gisa horretako indarkeria" dela gogorarazi du.

___________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa