Gizartea -

PROTESTA

Donostiako Gotzaindegiaren proiektu inmobiliarioak salatu dituzte

"Donostiako turismoaren 'booma' aprobetxatuz", Elizbarrutiak hotel arloko negozioari ekin diola salatu dute eta Gotzaindegiaren bi eraikin aparthotel bihurtzeko proiektua gogor gaitzetsi dute.

Donostian egin den protestaren irudia, ETBko bideo batetik hartuta.
Donostian egin den protestaren irudia, ETBko bideo batetik hartuta.
Donostiako Gotzaindegiaren jarrera salatu dute Artzain Onaren Katedralean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Elizbarrutiko hainbat kidek protesta egin dute gaur Artzain Onaren katedralaren aurrean, Gotzaindegiaren "jarrera autoritarioa" eta hotelen negozioan sartzea erabaki izana salatzeko. Izan ere, Elizbarrutiaren bi eraikin apartahotel bihurtzea erabaki dute, "irizpide ebanjelikoak alde batera utziz".

"No a espaldas de la diocesis-Elizbarrutiarekin batera" izeneko taldeak manifestua kaleratu du Gotzaindegia "norabide okerretik" doala saltzeko. "Guztiok jakin dugu komunikabideen bitartez Gotzaindegiak aparthotel bihurtuko duela orain arte elizbarrutiko kuriaren egoitza izandakoa, alegia, elizbarrutiko pastoralgintza garrantzitsuena eragiten zeneko tokia, eta atea zabalduko diola 26 apartamentu egiteari, hotel lizentziarekin. Badirudi antzeko zerbait egitekotan direla Urdaneta kaleko 10.ean, Gotzainaren oraingo etxebizitzan eta zenbait apaiz jubilaturen egoitzan. Jakin ahal izan dugu baita ere, Intxaurrondon (Donostia) kokatutako Santu Guztien parrokia bota egingo dutela Zahar Etxe bat eraikitzeko, ez publikoa, pribatua baizik, eta Gotzaindegiak inbertsiogile bat daukala hori gauzatzeko: 6 solairuko Egoitza izango da eta 4 solairuko parkinga edukiko du" jakinarazi dute.

"Hau guztia gertatzen ari da gauero kalean lo egiten duten 150 pertsona dauden elizbarruti batean eta, Irungo mugatik, Frantzia etorkinak sarri-sarri itzultzen ari den elizbarrutian" salatu dute: "Beste elizbarruti batzuetan etxegabeentzat etxebizitza sozialak sustatzen hasita daude Frantzisko aita santuaren deia adituz; aldiz, gure elizbarrutiak hotel arloko negozioari ekin ez dio ba, Donostiako turismoaren 'booma' aprobetxatuz" gaitzetsi dute.

Gipuzkoako kristauak oso kezkatuta daudela adierazi dute: "Ezin da Ebanjelioaren aurka jo hain era nabarmenean. Gure elkarteetan kristauak Elizaren lotsagarrikeriaz mintzo dira egun hauetan, ulertu ezinik".

"Gure artean larri zaurituta dago elizbarrutiko batasuna, eta inork ez daki zeinek osatuko duen"

"Gure artean larri zaurituta dago elizbarrutiko batasuna, eta inork ez daki zeinek osatuko duen. Gotzaindegiaren jokaera larderiatsuak aspaldi utzi zituen benetako eraginkortasunik gabe Elizbarrutiko Apaiz Batzordea eta Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua, elizbarrutirako gai erabakigarriez gogoeta egiteko eta aholkua emateko funtsezko erakundeak. Bestetik, artziprestaldeen berregituraketa, benetako premiak kontuan izan gabe eta bailaretako nortasuna aintzat hartu gabe ezarria, indarrak bildu eta pastoralgintza biziberritu ordez, are gehiago ari da egiteko hori eragozten eta oztopatzen" salatu dute.

"Ez da hori bakarrik. Ezabatu egin dira, azalpenik batere eman gabe, urteroko Pastoral Jardunaldiak, zeinetan 300 pastoralgilek baino gehiagok esku hartzen zuten. Bailaretan laiko-ardurak eman zitzaizkien emakumeei eta gizonei ez zaie arreta arrastorik jartzen. Desagertu egin da Teologia eta Pastoral Institutua, eta inork ez dakigu zergatik. Gure elizbarrutian jada ezin da Eliz eredu argi batean oinarritutako benetako pastoral jarduerarik bideratu. Bien bitartean, ekimen arrotzak sartzen ari dira, erromesaldiak, pietatezko debozioak… eta edozein bazterretatik datoz apaizak eta mojak, aldez aurretik gure elizbarrutiko errealitate eta bizitzarekin inolako harremanik izan gabe, ezta ezaguerarik edo loturarik ere. Horrela gabiltza urtea joan eta urtea etorri, honek guztiak nora eramango gaituen jakin gabe" hausnartu dute publikoki.

"Hemen gaudenok ez dakigu ze harrera izango duen keinu honek. Ez dakigu Erroman edo Espainiako Gotzainen Batzarrean inor arduratuta dagoen serio elizbarruti txiki honetaz. Gaur hona etorri bagara, gure elizbarrutiko Katedral aurrera, arrazoi honegatik da: gero eta gehiagok ikusten dugulako gure artean kristau fedearen etorkizuna dagoela jada jokoan gure herrian. Ez dugu nahi, egunen batean, gutaz oroitzean, inork esaterik geldoak izan ginela, egoera honetan besoak tolestuta, eta ez genuela jakin erantzuten hain une zailetan. Aurrerantzean ere saiatuko gara Gipuzkoako Eliza ebanjelikoagoa izan dadin" amaitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Salaketak Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Eliza Katolikoa