Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Tratu txarren salaketak ugaritu egin dira EAEn zein Nafarroan hirugarren hiruhilekoan

Guztira, 1.432 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima (% 7,5 gehiago) eta 1.482 salaketa jarri dituzte.

Genero indarkeria. Argazkia: CCO lizentzia
Genero indarkeria
Genero indarkeria. Argazkia: CCO lizentzia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.432 emakumek genero indarkeria lotutako salaketak jarri dituzte 2018ko hirugarren hiruhilekoan. Horrek esan nahi du aurreko urteko datuekin alderatuta, % 7,5eko hazkundea izan dutela tratu txar salaketek, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaur zabaldutako datuen arabera. Guztira, 1.482 salaketa jarri dituzte, iazko epe berean baino % 4,5 gehiago.

Tratu txar salaketa jarri dutenetatik 968k nazionalitate espainiarra dute (% 2,9 gehiago) eta gainerako 514ak (% 17,4 gehiago), ostera, atzerritarrak dira.

185 alditan (% 12,5) emakumeek lekuko gisa deklaratzeari uko egin diote. Halaber, 181 urruntze agindu tramitatu dira eta horietatik epaileek 112 (% 62) onartu dituzte eta 69 (% 38), berriz, ukatu.

Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiak emandako datuen arabera, hirugarren hiruhilekoan 262 pertsona epaitu zituzten, iazko epe berean baino % 10,1 gehiago. 262 horietatik 239 kondenatu zituzten. Gainerakoak absolbitu egin zituzten.

Nafarroako datuak

Nafarroan ere gora egin du Indarkeria matxistak hirugarren hiruhilekoan; guztira, emakumeek 461 salaketa aurkeztu zituzten, hau da, 10.000 emakumeetatik 13,58k. 2017an, berriz, tasa hori 12,86koa izan zen.

Hala ere, Nafarroako Erkidegoa Estatuko (17,10 emakume) batezbestekoaren azpitik dago. Nafarroan aurkeztutako salaketen artean, 444 biktimek jarri dituzte, iaz baino 26 gehiago.

27 alditan emakumeek bikotekide edo bikotekide ohien aurka lekuko gisa deklaratzeari uko egin diote. 444 biktimetatik, 284 Espainiako nazionalitatea dute, eta 160 atzerritarrak dira.

Bestalde, uztaila eta iraila bitartean 90 babes eta segurtasun agindu eman dira; 72k (% 80) babes-neurria onartu dute, eta 18k (% 20) uko egin diote.

____________________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Indarkeria matxista Espainian EAE Delituak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa Matxismoa gaur Feminismoa gaur