Gizartea -

HILKETA HUELVAN

Laura Luelmoren hilketagatik atxilotutako gizonak aitortu egin du krimena

Bernardo Montoya 50 urteko gizonak irakasle zamorarraren hilketa onartu du Guardia Zibilaren aurrean.

Bi guardia zibil eraildako emakumearen etxebizitzaren aurrean, El Campillo herrian. Argazkia: EFE
Bi guardia zibil eraildako emakumearen etxebizitzaren aurrean, El Campillo herrian
Bi guardia zibil eraildako emakumearen etxebizitzaren aurrean, El Campillo herrian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Luelmo Zamorako gaztearen hilketarekin zerikusia zuelakoan atzo atxilotutako gizonak hilketa onartu du.

Ikerketako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, Bernardo Montoya (50 urte) atxilotuak goizeko lehen orduan aitortu du 26 urteko irakaslearen hilketa.

Atzo, Guardia Zibilak Bernardo Montoya atxilotu zuen Laura Luelmoren heriotza egotzita. Urrian atera zen espetxetik eta hilketagatik aurrekariak ditu. Atxiloketaren unean, ihes egiten saiatu omen zen, Guardia Zibila atzetik zuela sumatu ondoren.

Bestalde, Laura Luelmoren gorpuari atzo egindako autopsiak azaldu zuenez, bekokian emandako kolpe handi baten ondorioz hil zen 26 urteko irakaslea, ikerketako iturrien arabera.

Zamorako emakumea abenduaren 14a eta 15a bitartean hil zuten, iragan asteazkenean El Campillon (Huelva) desagertu eta bi edo hiru egunera. Ikertzaileek 72 orduko tartea dute galdeketa egiteko, atxilotua Valverde del Caminoko 1. Instrukzioko Epaitegiaren esku utzi aurretik. Halaber, sumarioa sekretupean jarri du epaileak.

Ikerketa

Emakumearen gorpua joan den astelehenean (abenduak 17) topatu zuten El Campilloko bere etxetik kilometro batzuetara. Buruak kolpea eta lepoan indarkeria zantzuak zituen.

Hilotza N-435 errepidearen inguruan aurkitu zuen bilaketa lanetan ari zen boluntario batek.

Guardia Zibilaren ikertzaileak gorpua agertu zen ingurua miatzen ari dira, aztarna bila. Izan ere, objektu sendo batekin buruan kolpea jaso zuela uste dute. Halaber, oraindik ez dute zehaztu gaztea toki horretan bertan hil zen edota hil ostean lekualdatu zuten.

Gainera, hil aurreko orduak (48 orduz gutxienez) ikertzen ari dira. Bere borondatearen aurka atxikita izan zuela uste dute.

Hipotesi nagusiaren arabera, bizpahiru egunez, abenduaren 12etik 14ra edo 15era bitartean, bahituta izan zuen. Ez hori bakarrik, bildutako zantzuen arabera, sexu-erasoa ere jasan zuen.

Ikerketarekin jarraituz, Bernardo Montoya atxilotu zutenean gidatzen ari zen auto beltza ere miatzen ari dira.

EFE albiste agentziak kontsultatutako iturrien arabera, hilketa argitzeko gakoetako bat gaztearen eskuko telefonoa izango da. Bilaketa lanetan ari dira, baina oraindik ez dute aurkitu. Horrez gain, bere garrantzia izan dezake hilketa aitortu duen gizonaren eskuko telefonoak ere.

Abenduaren 12an, 20:00etan, jaso zuen antena batek Laura Luelmoren telefonoaren seinalea, azkenekoz.

____________________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Tratu txarrak umeak Delituak bideoak Espainia bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista Erailketak