Gizartea -
NAFARROA
Gizon bat espetxeratu dute, asteartean Iruñean izandako sutearekin lotuta
Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epailearen iritziz, gizonak su eman zion koltxoi bati San Lorentzo kaleko atari batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo. Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak espetxera bidali zuen astearte goizaldean San Lorentzo kaleko etxebizitza batean nahita piztutako sute batekin zerikusia zuelakoan atxilotutako gizona.
Magistratuaren iritziz, gizonak lo egiteko erabiltzen zuen koltxoiari su eman zion San Lorentzo kaleko atari batean, 01:30ak aldera. Une horretan, bost pertsona zeuden eraikinean. Hori dela eta, sute delitua eta besteen bizitza edota integritate fisikoa arriskuan jarri izana leporatzen dio. Delitu hori tarteko, 10 eta 20 urte arteko kartzela zigorra jaso dezake, edo kasurik onenean, 5 eta 10 urte artekoa.
Suak koltxoia kiskali zuen eta garrak hormetara eta sabaira ere hedatu ziren, ke-laino handia eraginez.
Suhiltzaileek sua itzaltzea lortu zuten eta sutearen ondorioz pertsona bat Nafarroako Ospitalera eraman zuten kea arnastu ondoren.
Ebazpen judizialaren arabera, inork ez zuen ikusi sua nork eragin zuen, baina "zantzu guztiek" atxilotuarengana daramate.