Gizartea -

Genero indarkeria

Gizon batek bikotekideari, lekuko bati eta ertzain bati eraso egin die Bilbon

02:00ak aldera gertatu da erasoa Ramon y Cajal kalean. Biktima ospitalera eraman behar izan dute, eta erasotzatilea atxilotu egin dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

32 urteko gizon batek bikotekidea kolpatu du gauerdian Bilbon, eta ondoren lekuko bati eta ertzain bati egin die eraso.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 02:00ak aldera lekuko baten abisua jaso du Ertzaintzak, eta agenteak erasoa gertatu den lekura bertaratu dira, hots, Ramon y Cajal kalera. Bertan zeudenek ertzainei jakinarazi diete erasotzaileak alde egin duela eta lekuko bat haren atzetik joan dela korrika, Arangoitiko igogailurako bidea hartuta.

Geroago, agenteek bi lagun horiekin egin dute topo, eta erasotzaileak agenteetako bat kolpatu du, atxilotu aurretik.

Dirudienez, erasotzaileak behin baino gehiagotan kolpatu du bikotekidea. Hori ikusita, inguruan zeudenek erasoa gelditzeko ahalegina egin dute, baina 32 urteko gizonak tartean sartu den lekuko bati egin dio eraso.

Esan bezala, biktima ospitalera eraman behar izan zuten, aurpegian eta lepoan zauriak eta urradurak zituelako.

Erasotzailea genero indarkeriagatik eta agente bat kolpatu izanagatik atxilotu dute.

________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Deustuko auzoa