Gizartea -
Osasuna
Osakidetzan sartuko da Onkologikoa, ostegunean sinatutako akordioari esker
Urkulluk nabarmendu du Donostiako Onkologikoaren eta Osakidetzaren arteko bategitea "minbiziaren aurkako borrokan urrats garrantzitsua" dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko hitzarmenaren izenpetzean izan da ostegun honetan Iñigo Urkullu lehendakaria.
Urkulluk nabarmendu du Donostiako Onkologikoaren eta Osakidetzaren arteko bategitea "minbiziaren aurkako borrokan urrats garrantzitsua" dela, baita gaixo dauden pertsonen tratamendua "leuntzeko" orduan ere.
Ildo horretan, Urkulluk gogorarazi du minbizia dela gaur egun heriotza arrazoi nagusia Euskadin, eta nabarmendu du "horri aurre egitea" dela Jaurlaritzaren erronka nagusienetakoa.
Esan bezala, bategite hitzarmen horri esker, Onkologikoa euskal osasun zerbitzuan sartuko da. Horrenbestez, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, "arreta onkologikoak hobera egingo du nabarmen".
"Egia da Euskadin bizi itxaropena hazi egin dela azken hamarkadetan, Europan gorenera iritsi arte. Alabaina, hazkunde horrek zahartzearekin lotutako gaixotasunek gora egitea ere ekarri du, batik bat, minbizi kasu gehiago eragin ditu", azaldu du.
Izenpetzean, lehendakaria ez ezik, Jon Darpon Osasun sailburua, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia eta Ander Urrutikoetxea Onkologikoko zuzendari-gerentea egon dira.
Han, Urkulluk azpimarratu du Euskadi aitzindari izan dela bizi osasungarri eta aktiboa bultatzen. Gainera, ·bularreko eta koloneko minbizien prebentziorako programak sustatu ditu Osasun Sailak·, lehendakariaren hitzetan.
Bestalde, Ander Aizpurua Onkologikoa Fundazioko zuzendariak adierazi du Donostiako Onkologikoa "erreferente" dela minbiziren tratamenduan.