Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarriko dute gaur gauean eta bihar, izotzagatik
Iragarpenen arabera, termometroak zeroz azpitik kokatuko dira barnealdean, eta bereziki Araban. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik espero.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du gauerdian eta bihar gauean tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Termometroa barnealdean jaitsiko da bereziki, eta batez ere Araban.
Hala, Araban izotz handia ere egin dezake. Gainerakoan, izotz txikia egingo du. Ostiralean bereziki hoztuko du, eta baliteke kostaldean ere izotza egitea.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, Gasteizen zeroz azpitik bi gradu izango dituzte gaur, eta bihar zeroz azpitik bost gradura jaitsiko da termometroa. Bilbon, Donostian eta Iruñean balio positiboak izango dituzte gaur gauean, baina bihar - 3 ºC espero dituzte Nafarroako hiriburuan.
Ostegunean, goizeko behe-hodei batzuk gorabehera, baina ateri eutsiko dio. Goizak aurrera egitearekin batera ostarteak gero eta handiagoak izango dira eta arratsaldean eguzkitsu egongo da edonon. Tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute. Ostiralean giro eguzkitsuagoa izango dugu, baina baita hotzagoa ere lehen orduetan. Egunsentiko lainoguneak salbu, zerua oskarbi egongo da denean. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haize suabea ibiliko da.