Gizartea -
Gasteizko Gaztetxea
Udaltzaingoak Gasteizko Gaztetxean izandako jokabidea babestu du Udalak
Gazte Asanbladak, ostera, bertsio ofiziala gezurtatu du. Udaltzainak "inolako azalpenik gabe eta jarrera oldarkorraz" sartu zirela salatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urtarrilaren 1ean Udaltzaingoa Gasteizko Gaztetxean sartu zen, "zarata" gehiegi egiten ari zirela ohartarazi eta Urtezahar-gaueko festa amaitutzat eman behar zutela jakinarazteko. Istiluak izan ziren, bost pertsona atxilotu zituzten eta tartean zenbait udaltzain zauritu ziren.
Gaur, Peio Lopez de Muniain alkateordeak agerraldia egin du atzoko gertakarien inguruko xehetasunak emateko eta Udaltzaingoak "egin beharrekoa" egin zuela azpimarratu du.
Bere hitzetan, hainbat bizilagunek Udaltzaingora deitu zuten Gaztetxeko "zarataz" kexatuz. Hortaz, 06:25 inguruan, kalez jantzitako patruila bat haraino joan zen eta eraikinaren kanpoaldean 500 bat lagun jai-giroan zeudela eta Gaztetxean musika jarrita zutela ikusi zuten.
Une hartan ez zuten ezer egin, inguruan jende gehiegi zegoela iritzita. Alabaina, 09:00ak aldera, berriro pasatu ziren Gaztetxe aurretik. Ordurako ez zegoen inor kanpoaldean, baina ateak irekita zeudela eta musika entzuten zela ikusita, barrura sartu ziren, baimendutako ordutegia urratzen ari zirela ohartaraziz, musikak hainbat bizilagunen kexak eragin zituela esanez eta, beraz, jaia amaitutzat eman behar zutela aginduz.
Udalaren arabera, abisua eman ostean udaltzainak Gaztetxetik ateratzera zihoazen unean, irteera blokeatu zieten eta lokalaren ateak itxi egin zituzten. "Beren kideak itxita uzten ari zirela ikusita, kanpoan zeuden udaltzainek laguntza poliziala eskatu zuten", kontatu du Lopez de Munianek. Azkenean, ateak zabaldu eta "atxikita" zeuden udaltzainak handik atera zituzten, eta jarraian Gaztetxea jendez husteari ekin zioten.
"Une horretan botilak jaurtitzen hasi ziren; zenbait agente zauritu ziren, eta horietako bati puntuak eman behar izan dizkiote", erantsi du.
Alkateordearen ustez, "Poliziak egin behar zuen egin zuen: bizilagunen salaketari erantzun eta Gaztetxeko arduradunei jaia amaitu behar zutela jakinarazi".
Gazte Asanbladak bertsio ofiziala gezurtatu du
Gasteizko Gazte Asanbladaren bertsioa, berriz, oso bestelakoa da. Gaztetxea jendez hustu ez zutela argitu ostean, Udaltzaingoa "inongo aurre-abisurik gabe eta oso modu oldarkorrean" sartu zela salatu du.
Asteazken honetan kaleratutako ohar batean nabarmendu dutenez, "hainbat hedabidek kontrakoa esan duten arren, Udaltzaingoa inongo aurre-abisu barik sartu zen Gaztetxera, oso modu oldarkorrean. Oraindik ez dakigu zergatik sartu ziren hamarnaka udaltzain jarrera mehatxatzailearekin, inolako azalpenik eman gabe eta elkarrizketarako inongo abagunerik eman gabe. Gehiegizko zaratagatik sartu omen ziren, ez dugu sinesten".
"Ez dira zarata kontuengatik etorri, baizik eta ez dituztelako gustuko haien kontroletik kanpo dauden espazioak", ziurtatu dute.
Ildo horretan, Udaltzaingoaren jarrera "neurrigabea" salatu dute. "Bistan da ez direla horrela oldartzen bestelako lokaletan. Ez dugu inoiz ezagutu zarata kontu batengatik gaurkoa bezalako erantzun errepresiboa ekarri duen beste kasurik: 15 polizia auto eta furgoneta baino gehiago, istiluen kontrakoak…", deitoratu dute.
Gaztetxearen hitzetan, Urteberri egunean jazotakoek helburu zehatza dute: "Gatazkatsua ez den espazio horren irudi okerra eskaintzea". Horren aurrean, "auzoko bizikidetza" sustatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.
Halaber, Udaltzaingoa lokalaren kanpoaldean zirenei indarrez oldartu zitzaiela eta hainbat pertsona identifikatu eta zauritu zituztela salatu dute.