Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Laredon
2019ko genero indarkeriaren lehen biktima da honakoa (26 urte zituen). Iaz, 47 emakume hil zituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek 26 urteko emakume bat hil du Laredon (Kantabria), Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzaren iturriek baieztatu dutenez. Ustezko hiltzailea, 29 urtekoa, atxilotuta dago.
Larrialdi zerbitzuek 04:05ean jaso dute abisua. Etxebizitzara bertaratu direnean, emakumea lurrean etzanda topatu dute, bularraldean hainbat labankada zituela. Saiatu diren arren, ezin izan dute suspertu.
Erasoaren berri izan eta berehala ustezko egilearen bila hasi da Guardia Zibila, baina handik gutxira gaztearen bikotekidea Laredoko Udaltzaingoaren egoitzan agertu da, hilketa aitortuz. Gizonak ez du aurrekaririk genero indarkeriarengatik.
2019ko genero indarkeriaren lehen biktima da honakoa. Iaz, 47 emakume hil zituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek (beste gizonezko batzuek egindako hilketa matxistak ez dira kopuru horretan sartzen).
2003tik, Espainiako Estatuan datu ofizialak dituztenetik, 976 emakume hil dituzte.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.