Gizartea -
Epaia
11 urteko kartzela-zigorra, Donostian ume jaioberria zakarrontzira bota zuen amari
Gertakariak 2016ko azaroan jazo ziren Donostian. Emakumea Alde Zaharreko etxebizitza batean erditu zen. Haurtxoa manta batekin estali eta kontainer batean bota zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamaika urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Donostian ume jaioberria zakarrontzira bota zuen amari, EFE agentziak zabaldu duenez.
Hasiera batean, Fiskaltzak 19 urte eta hamaika hilabeteko zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, baina epaiketa eginda, eskaera hamaika urte eta hiru hilabetera murriztu zuen. Epai-mahaiak eskaera hori onartu du, emakumeari hilketa saiakera egotzita.
Gertakariak 2016ko azaroaren 21etatik 22rako gauean jazo ziren. Emakumea Alde Zaharreko etxebizitza batean erditu zen, bakarrik zegoela. Alaba jaioberria manta batekin estali eta poltsa batean sartuta, etxetik alde egin zuen 22:00ak aldera.
Donostiako kaleetan barrena noraezean ibili zen, hainbat segurtasun-kamerekin grabatutako irudietan ikus daitekeenez. 01:00ak inguruan, baina, haurtxoa San Juan kaleko kontainer batean utzi zuen.
Pare bat ordu geroago handik igaro ziren bi gaztek umearen negarrak entzun zituzten eta larrialdi-zerbitzura deitu eta Ertzaintzaren patruila bat ohartarazi zuten. Ertzainek Donostia Ospitalera eraman zuten haurra.
Ama -28 urte zituen gertakariak jazo zirenean- lau hilabetera atxilotu zuten. Epaiketan egindakoa aitortu zuen. "Egoerak gaindituta" jokatu zuela horrela eta inork topatu ezean haurra hil egingo zela jakin bazekiela adierazi zuen.