Gizartea -

Kabalgata

Baltasar erregearen aurkako 'aurreiritzi xenofoboak' gaitzetsi ditu Andoaingo Udalak

"Atsekabea eta kezka eragin digute sare sozialetan eta hainbat komunikabidetan zabaldu dituzten aurreiritzi xenofoboek", esan du Udalak ohar batean.

Andoaingo udaletxea. ETBren bideo batetik ateratako irudia
'Aurreiritzi xenofoboak' gaitzetsi ditu Andoaingo Udalak
Andoaingo Udalak eta La Sallek elkartasuna adierazi diote Baltasarri

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoaingo Udalak "atsekabea" agertu du Errege Magoen kabalkadaren ostean "Andoaingo herriaren inguruan sortu den polemika berriaren harira".

Iragan larunbatean, desfilearen ondotik Errege Magoek Gipuzkoako aipatu udalerrian emandako hitzaldian, erregeak gurasoak zirela esan zuen Baltasarrek, eta horrek "aurreiritzi xenofoboak" eragin ditu azken orduotan.

Horren aurrean, Baltasarri egin dizkioten kritikak gaitzetsi ditu Udalak, ohar batean. "Hizkuntza bat ez menperatzearen ondorioz egiten den hanka-sartze batek pentsatzen ez genuen oihartzuna izan du", adierazi du.

"Tristura handia hartu dugu eta oso kezkatuta gaude sare sozialetan eta komunikabide ezberdinetan gaia jorratzerakoan nagusitu diren aurreiritzi arrazista eta xenofoboek izandako lekuagatik", esan du Udalak.

Ildo horretan, Andoaingo herritarren eta Baltasar gorpuztu zuen herritarraren alde egin du Udalak: "Andoain herri anitza da, aniztasunean bizi da eta horrela bizi nahi du. Baltasarren funtzioa betetzeko ardura hartu zuen pertsonari eta bere senideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu".

Bukatzeko, eskerrak eman dizkio desfilea antolatu duen La Salle Berrozpe ikastetxeari, "urtero erregeen magia gure kaleetara ekartzeagatik", eta "ehunka boluntariok egiten duten lanaren ondorioz" egiten dela nabarmendu du. "Espero dezagun aurrerantzean ere ilusio eta indar berarekin lanean jarraitzea", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Andoain Albisteak Errege magoak