Gizartea -
ARABA
Eskaripeko geldialdien sistema jarriko dute martxan Arabako foru garraioan, gauetan
Larunbatetik aurrera, emakumeei eta adin txikikoei nahieran gelditzeko zerbitzua eskainiko zaie. Halaber, 6 urte arteko haurrek eta desgaitasunen bat dutenekin doazenek ez dute ordaindu beharko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larunbat honetatik aurrera, Arabako Foru Aldundiaren eskumeneko autobusek nahieran gelditzeko zerbitzua eskainiko die emakumeei eta adin txikikoei gaueko ordutegian, 18:30etik 21:00etara. Helburua emakumeen zein adin txikikoen segurtasuna hobetzea da.
Geldialdi berriak ohiko geldialdien osagarriak izango dira. Horiei esker, erabiltzaileek etxera arteko bidea laburtzeko eta beti gune populatuetan jaisteko aukera izango dute. Emakume zein adin txikikoek ilundu orduko eskatu ahal izango diote txoferrari autobusa gelditzea, betiere garaiz eginez gero.
Guztira, herriarteko 19 autobus lineatan ezarriko dute neurria.
Arabako Foru Aldundiak 40 geraleku osagarri zehaztu ditu, besteak beste, Guardian, Agurainen, Amurrion, Araian, Artziniegan, Bastidan, Legution, Dulantzin, Espejon, Lapuebla de Labarcan edota Gasteizen.
Erabiltzaileek informazioa eskura dute Arabako Foru Aldundiaren webgunean eta sare sozialetan.
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak asteartean iragarri zuenez, Foru Garraioaren araudiari buruzko erreformak jasoko du eskaripeko geldialdien kontua. Horrez gain, aurrerantzean 6 urtetik beherako haurrek ez dute ordaindu beharko, eta desgaitasunen bat dutenekin doazenek ere ez dute ordaindu beharko.
Aldaketa horiek guztiak martxoaren 1ean argitaratuko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, biharamunean sartuko dira neurriak indarrean.