Gizartea -
ETXEKO INDARKERIA
Emakume bat atxilotu dute Gasteizen, etxeko indarkeria egotzita
Horrez gain, haren bikotekidea ere atxilotu egin dute, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita.
EITB.EUS
35 urteko emakume bat eta 31ko gizonezko bat atxilotu zituzten atzo Gasteizen, etxeko indarkeria eta agintaritzaren aurkako atentatua delituak egotzita, hurrenez hurren.
Gasteizko Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, 092 herritarren laguntzarako telefono zerbitzuan jaso zuten abisua. San Cristobal auzoko etxebizitza batean bikote bat eztabaida gogorra izaten ari zela ohartarazi zuen bizilagun batek.
Udaltzainak gertakarien lekura bertaratu zirenean, bikotea ez zegoen etxebizitzan, baina handik gutxira aurkitu zituzten, San Cristobal auzoan bertan, zuhaixka batzuen artean ezkutatuta, oharrean zehaztu dutenez.
Antza, emakumeak berehala aitortu zuen gizonezkoari aulki bat bota ziola burura, eta udaltzainak emakumea atxilotzen hasi zirenean, gizonezkoak eraso egin zien agenteei. Ondorioz, biak atxilotu zituzten, etxeko indarkeria egotzita, bata, eta autoritateari eraso egitea, bestea.
Aguirrelandako polizia-etxera eraman zituzten biak, eta gaur igaroko dira epailearen aurretik.