Gizartea -

Migrazioa

Harrera Sareak manifestazioa deitu du Irunen, migratzaileen eskubideen defentsan

Migratzaileei babes "duina eta erabatekoa" eman diezaiela eskatuko diete erakundeei. Mobilizazioa Ficobatik abiatuko da eta Hendaiako polizia-etxeraino joango dira.  

Migratzaileek Irunen egin zuten kanpaldia. Artxiboko argazkia: EFE
Migratzaileek Irunen egin zuten kanpaldia.
Migratzaileek Irunen egin zuten kanpaldia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Harrera Sareak manifestazioa deitu du larunbat honetan herrian, migratzaileen eskubideak errespeta daitezela exijitzeko. 'Euskal Herria, Harrera Herria' lelopean, pertsona guztiek askatasunez zirkulatzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute eta Euskal Herrira iristen diren migratzaileei "babes duina eta erabatekoa" eman diezaiotela eskatuko diete erakundeei eta agintari politikoei.

Manifestazioa Ficobatik abiatuko da larunbatean, 17:00etan, eta Santiago zubia zeharkatuta, Hendaiako polizia-etxeraino joango dira. Han buelta hartuta, Irunera itzuliko dira. Mobilizazioa amaitzeko Ekitaldia udaletxe aurrean egingo dute. Bertsolariak izango dira, eta Glaukoma eta Bad Sound taldeek musika jarriko diote protestari.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2.300 pertsona eta erakundek babestu dute Irungo Harrera Sarearen adierazpena, eta tartean alderdi politikoa, sindikatuak, giza eskubideen defentsan aritzen diren taldeak eta gizarte eragileak daude.

Migratzaile guztien eskubideak aitortu eta bermatzen dituzten Europako legediak eta nazioarteko itunak bete daitezela galdegingo dute manifestazioan.

Halaber, "migratzaileek estrukturalki jasaten dituzten esplotazioa, arrazakeria eta eskubide urraketak" salatuko dituzte.

"Migratzaileen lurraldea da Euskal Herria eta, ondorioz, harrera eta elkartasun herria ere bagara, historian zehar erakutsi dugun moduan", azpimarratu dute.

"Injustiziak onartzen ez ditugu gizarte zibila gara, eta arrazismoaren eta xenofobiaren kontra eta pertsona guztien berdintasun alde borrokatzeko prest gaude", erantsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Manifestazioak