Gizartea -

Auzitegi Gorena

Villabonan emakume bat hil zuen kamioilariari ezarritako zigorra berretsi du Gorenak

Gizonak kamioiarekin aurretik eraman zuen biktimak gidatzen zuen autoa, kontrako noranzkoan hainbat kilometro egin eta gero. Gertakariak 2015eko abuztuan jazo ziren N-1 errepidean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gertakariak 2015ko abuztuaren 3an jazo ziren, Villabonan, N-1 errepidean. Kamioilari batek 9 kilometro egin zituen kontrako noranzkoan eta ibilgailu bat aurrez aurre jo zuen. Autoa gidatzen zuen emakumea bertan hil zen.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 12 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra jarri zion kamioilariari, bideko segurtasunaren kontrako delitua eta homizidioa egotzita.    

Orain, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi du eta prozesu judizialaren kostuak berak ordaindu beharko dituela erabaki du.

Ebazpenaren arabera, egun hartan Alegiako zerbitzu-gunean gelditu zen kamioilaria, eta gutxienez bi garagardo eta botila erdi ardo hartu zituen afaltzen zuen bitartean, eta hiru whiski tragoxka afalostean.

Alabaina, "alkohola edatera ohituta zegoenez, horrek ez zuen bere gaitasun kognitiboan eraginik izan, hitz egiteko eta berehala erreakzionatzeko arazoak bazituen ere".  

Egoera horretan hartu zuen kamioia, eta argiak piztu gabe eta kontrako noranzkoan gidatu zuen N-1 errepidean zehar. Kamioiarekin gurutzatu ziren ibilgailuek argiak emanda edo klaxona jota ohartarazi zuten kontrako noranzkoan zihoala.

22:45 inguruan, BMW ibilgailu batek ezustean egin zuen topo kamioiarekin, eta autoa azeleratuta eta eskuineko erreian azkar sartuta lortu zuen saihestea. Atzetik zihoan Citroen C-3 ibilgailuak, ostera, ez zuen aukerarik izan kamioiaren paretik kentzeko eta talka egin zuten. Epaiaren arabera, kamioilariak ez zion balaztari eman eta ez zuen bestelako maniobrarik egin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Villabona Albisteak