Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
24 urteko mutil bat atxilotu dute Bilbon, kale erdian bikotekideari erasotzeagatik
Bilboko Udaleko talde politiko guztiek eraso honen aurkako gaitzespen agiria onartu dute gaur goizean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
24 urteko mutil bat atxilotu zuten atzo Bilbon, emakumeen kontrako indarkeria egotzita.
Udalak jakitera eman duenez, Uribitarte kalean izan zen erasoa, atzo goizaldeko 06:00ak inguruan. Patruilatzen ari ziren hainbat udaltzainek bertatik bertara ikusi zuten erasoa, eta tokian bertan artatu zuten biktima. Erasotzailea, berriz, atxilotuta eraman zuten polizia-etxera.
Bilboko Udaleko talde politiko guztiek eraso honen aurkako gaitzespen agiria onartu dute gaur goizean. Genero indarkeriaren aurrean "tolerantzia zero" izateko deia egin diete herritarrei.
______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.