Gizartea -
Ehiza
Basaurin, jendea ibiltzen den leku batean, basurde uxaldia izan dela salatu dute
Ehiztariak zeuden lekutik 200 metrora, Basozelain, ikastetxe bat dago. Bertan, futbol partidak jokatzen dituzte maiz, asteburuetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aprova animalien babeserako elkarteak salatu duenez, abisurik eta seinaleztapenik gabeko basurde uxaldia izan zen iragan igandean Basaurin, jendea pasatzen den leku batetik oso gertu. Hori dela eta, salaketa jarri dute Basauriko Udalean eta Eusko Jaurlaritzan.
Aprovak ohar baten bidez ohartarazi duenaren arabera, ehiztariak Malmasin mendira doan baso pista batetik gertu jarri ziren, errepidetik hurbil eta Basozelai auzotik metro gutxira. Jende asko ibiltzen da bertatik paseatzen, korrika eta bizikletaz.
Gainera, elkarte horren esanetan, ehiza mota horretarako helmen handiko errifleak erabiltzen dituzte, eta ehiztariak zeuden tokitik 200 metrora Basozelai auzoko ikastetxea dago, non sarritan futbol partidak jokatzen dituzten.
Uxaldia Bizkaiko Foru Aldundiak baimendu zuen, Basauriko Udalaren arabera
Basauriko Udalak, bere aldetik, uxaldia Bizkaiko Foru Aldundiak baimendu zuela jakinarazi dio eitb.eus-i.
Bestalde, uxaldia gertatu zela jakin zuen unean bertan, Udaltzaingoari abisu eman omen zion Udalak, horren arduraduna nor zen iker zedin.