Gizartea -
MINBIZIAREN AURKAKO EGUNA
Minbiziaren tratamenduan egindako aurrerapenak, biziraupenaren gakoetako bat
Osakidetzak emandako datuen arabera, biziraupen-tasa % 60koa da EAEn, emakumeen artean, eta % 52,2koa, ostera, gizonezkoetan.
AGENTZIAK
Gaur, otsailak 4, astelehena, Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Urtero 13.500 kasu berri antzematen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 3.400, berriz, Nafarroan. Osakidetzak emandako datuen arabera, biziraupen-tasa % 60koa da EAEn, emakumeen artean, eta % 52,2koa, ostera, gizonezkoetan. Estatu espainiarrean biziraupen-tasa % 53koa da.
Onkologoek iragarri dutenez, minbiziaren intzidentziaren gorakadaren atzean, besteak beste, biztanleriaren zaharkitzearekin lotutako aldaketa demografikoak eta arrisku faktoreak daude: substantzia kantzerigeno anitzen eragina, alkohol eta tabako kontsumoa, ariketa fisiko falta eta obesitatea.
Aurrera begirako erronkak, orain arte bezala, hautemate goiztiarra eta medikuntzako aurrerapenak izango dira.
Aurrerapenak minbiziaren tratamenduan
Azken urteotan, aurrerapen nabarmenak izan dira tratamenduan: immunoterapia, zehaztasunezko medikuntza, kimioterapien konbinazioa, tratamendu hormonala, terapia zelularrak eta abar. Hori guztia dela eta, biziraupen-tasa ez ezik, gaixoen bizi kalitateak ere hobera egin du.
Hauek dira azken hamar urteetan minbiziaren tratamenduan izandako mugarrietako batzuk.
2007an, umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko lehen txertoa onartu zen.
2010ean, lehen aldiz, inmunoterapia aplikatu zitzaien melanoma aurreratua zuten gaixoekin biziraupen tasa esanguratsuak lortu zituzten.
2011n, pankreako minbiziaren biziraupen tasaren igoerari buruzko bi ikerketa argitaratu ziren. Bi kasuetan kimioterapia aplikatu zen.
2015ean, biriketako minbizia ohikoenetan (CNMP) immunoterapia eraginkorra zela egiaztatu zuten, hots, biziraupena luzatzen zuela eta kimioterapiak baino bigarren mailako ondorio gutxiago eragiten zituela. Urte horretan bertan, bularreko minbizia kasuetan bi antigorputzen (pertuzumab eta trastuzumab) eta kimioterapiaren arteko uztarketa positiboa zela ondorioztatu zuten, hau da, tratamendu hori jarraituzuten gaixoak bost urte gehiago ere bizi zirela eta bizi kalitate hobea zutela.
Gizonezkoetan eragilerik handiena prostatako minbizia da, eta egiaztatu ahal izan denez, terapia hormonalari kimioterapia gehitzeak denbora gehiago bizitzea ahalbidetzen die metastasi fasean dauden gaixoei.
2017an, lehen aldiz, agentzia arautzaile batek botika bat (immunoterapia) onartu zuen ezaugarri molekular baten arabera.
Azkenik, CAR-T terapia gehitu zuten neoplasi kasuen tratamenduan.
Minbizia, zifretan
- 2019an 277.234 minbizi kasu berri antzeman ziren Espainian (161.064 gizonezkoetan eta 116.170 emakumezkoetan).
- Gizonezkoetan, eragilerik handiena prostata minbiziak dauka, eta ondoren kolon eta ondesteko minbiziak. Emakumezkoetan, bularreko minbizia da diagnostikatuena, kolon eta ondestekoaren eta biriketakoaren aurretik.
- Emakumeen artean, gora egin dute biriketako minbizi kasuek, tabakismoarekin batera. Gizonen artean, ostera, behera egin du, tabakoaren intzidentziak bezala.
- Azken hamarkadatan Helicobacter pylori bakteriaren intzidentzia murriztu egin da, eta, ondorioz, baita horri lotutako minbiziak ere.
- Adinaren arabera minbizia izateko arriskua eta probabilitatea handiagoa da. Arriskuak nabarmen egiten du gora 45-50 urtetik gora.
- Jaiotzatik eta 80 urte bete arte, gizonek minbizia garatzeko % 42,5eko probabilitatea dute; emakumeek, % 27,4koa.
- Estatu espainiarrean, minbizia bigarren heriotza kausa izan zen 2017an, zirkulazio aparatuko arazoen atzetik. Gizonetan, minbizien artean, biriketako da hilgarriena, kolon eta ondesteko minbiziaren aurretik. Emakumeetan, ostera, bularreko eta biriketako minbiziak dira hilgarrienak.