Gizartea -
Gipuzkoa
800 pertsona inguru bildu dira Donostian, haur-minbiziaren aurkako martxa batean
Aspanogik, minbizidun umeen gurasoen Gipuzkoako elkarteak, antolatutako ibilbidea izan da. Astero haur minbiziaren kasu bat atzematen dute Euskadin.
EITB.EUS
800 bat lagunek parte hartu dute igande honetan Donostian Aspanogi minbizidun umeen gurasoen Gipuzkoako elkarteak antolatutako ibilbide nordikoan. Parte-hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu ditu, eta ospitaletan minbiziari aurre egiten ari diren umeei eta euren familiei baliabideak eskaintzeko izango da diru-bilketa.
Gaixotasuna pairatu duten haur eta familia anitz bildu dira; beste batzuk, ordea, neska-mutilei indarra emateko etorri dira. Guztiek sei kilometroko ibilbidea egin dute, Donostiako hiru hondartzak zeharkatuz, eta bi funtsezko mezu zabaldu dituzte: batetik, itxaropena, eta, bestetik, gaitza gainditu duten umeek oraindik medikuen jarraipena behar dutela.
Astero haur minbiziaren kasu bat atzematen da Euskadin, gehienak, leuzemiarenak. Dena dela, biziraupena altua da, % 80koa.