Gizartea -

Genero indakeria

Bi gaztek emakume bati ukituak egin eta zenbait ertzain kolpatu dituzte Donostian

Atxilotutako bi gazteak taberna batetik bota zituzten emakume bati eraso egiteagatik. Ondorioz, zerbitzariari txistua bota zioten eta segurtasuneko jagoleak kolpatzen saiatu ziren.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 25 eta 23 urteko bi gizon atxilotu zituen igande gauerdian Donostian, agintaritzaren aurkako ustezko delituagatik. Bi atxilotuak Alde Zaharreko taberna batetik bota zituzten emakume bati ukituak egiteagatik. Gainera, zerbitzariari izotzak jaurti eta txistua bota zioten, eta geroago, segurtasuneko jagoleak kolpatzen saiatu ziren.

Hori ikusita, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek polizia patruila bat bidaltzeko eskatu zuen 01:30 aldera.Ertzain horrek eta beste zenbait lekukok zehaztu dutenez, lehendabizi bi gizonak emakumea beldurtzen saiatu ziren. Gainera, batek ukituak egin zizkion. Hori dela eta, zerbitzaria bezeroa babesten saiatu zen, eta bi gazteek bere aurka egin zuten orduan, eta baita tabernako bi zaindarien kontra ere.

Behin kanpoan zeudela, atxilotuetako batek edalontzi bat hautsi zuen fatxadaren aurka jaurtita. Handik gutxira alde egin zuten, baina aurretik, beira zatiak mehatxu egiteko erabili zituzten. Zerbitzuz kanpo zegoen agenteak eta gainerako ertzainek Kanpandegi kalean harrapatu zituzten. Han, agenteak kolpatzen eta heriotza mehatxuak egiten hasi ziren. Berehala atxilotu zituzten.

Agintaritzaren kontrako delituak ez ezik, gazteetako bati sexu abusua ere egotzi diote, tabernan emakumeari ukituak egiteagatik.

Atxilotu biek aurrekari penalak dituzte, eta Donostiako epaitegian deklaratu beharko dute datozen orduotan.

_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa