Gizartea -
Klima aldaketa
Euskadik CO2 isuriak % 18 murriztu ditu 1995 eta 2016 artean
Industria da CO2 isuriak gehien murriztu dituen sektore ekonomikoa, % 46,3 2005arekin alderatuta. Garraioek, ostera, beherakada txikiena izan dute, soilik % 8.
Agentziak | Erredazioa
Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoek CO2 kutsadura % 18 murriztu dute 1995 eta 2016 artean. Epe berdinean, Euskadiko ekonomia % 65 hazi da. Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearen ahotan, “kutsadura eta hazkunde ekonomikoa ez daude lotuta”. Klima aldaketaren egoeraren, Jaurlaritzaren helburuen eta argitaratu berri duten txostenaren nondik norakoak azaldu dizkie gaur Morenok ehun bat profesionali Euskalduna jauregian.
Industria CO2 isuriak gehien murriztu dituen sektore ekonomikoa izan da, % 46,3 2005arekin alderatuta. Garraioek, ostera, beherakada txikiena izan dute, soilik % 8. Klima Aldaketa Ingurumen Profila 2018 txostena aurkeztu dute astelehen honetan Bilbon, eta bertako datuak dira aipatutakoak.
Donostian martxoaren 6tik 8ra egingo den 'Change the Change' nazioarteko konferentziarekin lotuta Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldia izan da gaurkoa. “Europa mailako ekitaldi garrantzitsuena izango da”, esan du sailburuordeak.
Profilaren arabera, Euskadiko isuriak Europako batez bestekoarekin bat datoz: 19 milioi CO2 tona 2016an, Europar Batasunak egindako isurien % 0,4, alegia.
Morenoren hitzetan, hazkundeak ez du zertan kutsadura areagotu behar; izan ere, “ekonomikoki haztea eta CO2 isuriak murriztea posible da”.
2030erako berotegi-efektu gasen isuria % 40 murriztea du helburu Eusko Jaurlaritzak. Programa “aurreikusitakoaren arabera doa”, 2005 erreferentzia urtearekin alderatuta isuriak % 26 murriztu direlako jada.
1993 eta 2017 artean, itsas mailak 70 milimetro egin du gora EAEko kostaldean, eta 2017an 12 ekitaldi meteorologiko gogor zenbatu ziren Euskadin.
EAEko udalerrien % 100a “arriskuan da beroaldi eta lehorteengatik, % 23 itsas-mailaren igoerak eragindako uholdeengatik, eta % 81 uholde arriskuagatik".
Txostenaren arabera, biztanleen % 90ak klima aldaketa errealitatea dela onartzen du.
'Change the Change' biltzarrak 50 hizlari bilduko ditu martxoaren 6tik 8ra, klima aldaketaren inguruan gogoeta egiteko. Hiru egunean 600 pertsona erakartzea espero dute.