Ekonomia -
Kontzesionarioekin bilera
25.000 euro baino gutxiagoko autoen erosketak lagunduko ditu 'Renove' planak
Ordezkatu nahi diren autoek gutxienez 10 urte izan beharko dituzte, eta 7 urte furgoneten kasuan. Diru-laguntzak jaso ahal izateko turismo berriek A kalifikazio energetikoa izan beharko dute.
Agentziak | Erredakzioa
10 urte baino gehiagoko autoak zirkulaziotik kentzearen truke ibilgailu berriak erosteko Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko duen 'Renove' planak 2.000 euroko diru-laguntza emango du operazio bakoitzeko, baina auto berriak 25.000 euro baino gutxiago balio beharko du. Guztira, planak bost milioi euroko aurrekontua izango du, eta ia 2.500 erosketa lagunduko ditu.
Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendaria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kontzesionarioetako ordezkariekin bildu dira, 10 urtez gorako ibilgailuak berritzeko diru-laguntzen berri emateko. Egitasmoa iragan astean iragarri zuen Jaurlaritzak.
Gaur planaren xehetasunen berri eman dute: horrela, ordezkatu nahi diren autoek gutxienez 10 urte izan beharko dituzte, eta 7 urte furgoneten kasuan; guztiak txatarrerako geratu beharko dira.
Diru-laguntzak jaso ahal izateko turismo berriek A kalifikazio energetikoa izan beharko dute; gasolina eta gasolio ibilgailuen kasuan kalifikazio gorena, alegia.
Egitasmoak neutraltasun teknologikoa izango du ardatz, hau da, teknologia guztientzako diru-laguntzak izango dira: elektrikoak, hibridoak, hidrogenoa, gas naturala, gasolina eta diesel motorrak. Hala ere, zenbatekoak ezberdinak izango dira: diru-laguntza handiena 3.000 eurokoa izango da auto elektrikoentzako eta hidrogenozkoentzako, biak oraingoz oso urriak merkatuan. Dieselak eta gasolinak 2.000 euroko laguntza izango dute.
Diru-laguntzak egoitza soziala eta fiskala Euskadin duten pertsona fisiko edo juridikoek eta tokiko erakundeek (udalak, mankomunitateak, taldeak) eskatu ahal izango dituzte, baina ez alokairu enpresek.
Planak arrakasta baldin badu, bost milioiko partida etorkizunean areagotzeko atea zabalik utzi du Industria sailburuordeak.
Kontzesionarioek Gobernuaren diru-laguntza “osatuko” ote duten ez du aurreratu nahi izan Javier Bagues AEGA-Gipuzkoako presidenteak. Aurreko Renove egitasmoetan, diruaren erdia administrazioak jarri zuen, eta beste erdia ekoizleak, ez kontzesionarioak. “Bildu behar gara, eta aztertu behar dugu”, azaldu du Baguesek.
Plana martxoaren bukaeran jarriko dute martxan, Energiaren Euskal Erakundearen bidez.