Itxi

Gizartea

Goi-bilera

Aita santuak sexu abusatzaileak justiziaren aurrera eramango dituztela ziurtatu du

agentziak | erredakzioa

Hala ere, kasuei buruzko estatistikak partzialak direla kritikatu du, abusu asko familiaren barruan gertatzen direlako eta ez direlako salatzen.

1:05
Aita santua, pederastiaren aurkako goi-bileran

Frantzisko aita santuak esan du Elizak ez duela "etsiko" sexu abusuak egin dituzten "guztiak justiziaren aurrera eraman arte", eta "sekula ez" dela saiatuko "kasuak estaltzen edo gutxiesten".

Horixe adierazi du aita santuak Vatikanon egin duten goi bilera historikoaren bukaeran. Eliza katolikoko 190 ordezkari elkartu dira goi bileran, elizgizonek haurrei egindako sexu abusuen gaia jorratzeko.

Argentinarrak, hala ere, argitu nahi izan du sexu abusuena arazo "unibertsala eta askotarikoa" dela, eta hori egiaztatzeko hainbat erakunderen txostenak aipatu ditu. Ez du baina "Eliza barruko munstroa" gutxietsi nahi izan. "Mundu mailako fenomenoaren ankerkeria are larriagoa eta eskandalagarriagoa da Elizan, autoritate moralarekin eta sinesgarritasun etikoarekin talka egiten baitu".

Era berean, Frantziskok kritikatu du kasuei buruzko estatistikak partzialak direla, abusu asko familiaren barruan gertatzen direlako eta ez direlako salatzen.

Aita santuak "argi" azpimarratu nahi izan du "seriotasun handienarekin" egingo diela aurre sexu abusu kasu guzti-guztiei.

Izan ere, Elizak "polemika ideologiko guztien gainetik" egon behar duela adierazi du, baina kazetarien kontra jo du "txikienek bizitako dramak, hainbat interes medio, instrumentalizatzen" dituztela iritzita.

Biktimen atsekabea

Antolatzaileek aurreratu zuten ez zela "proposamen zehatzik" egongo goi bileran eta egunotako material guztia aztertu ostean aurkeztuko zituztela, baina biktimek zerbait gehiago espero zuten.

Miguel Hurtadok sexu abusuak jasan zituen Montserraten, eta biktimen elkarteko bozeramaileetako bat da. Aita santuaren gaurko hitzak "zaplaztekoa" izan direla esan du.

Frantziskoren proposamenak "orokorkeriak" eta milaka aldiz errepikatutakoak izan direla salatu du, eta ez duela biktimek espero dituzten benetako proposamenez hitz egin. "Arduradunak Justiziaren esku uztea, dokumentuak epaileei ematea (eta ez gotzain batek esan zuen moduan suntsitzea), sexu abusatzaileek lanpostua galtzea, biktimei kalte-ordain ekonomikoa ematea…".

Francesco Zanardi Italiako biktimen elkarteko presidenteak ere atsekabea agertu du aita santuak ez duelako ezer zehatzik proposatu, eta "Vatikanoak sortutako zero tolerantzia kanpaina zero sinesgarritasun" kanpaina bihurtu delako.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena